Bota esamoldea, eta eman euskarari kolorea!

botaba

Labayru Fundazioak #Botaba euskal esamoldeen erronka antolatu du, hirugarren urtez. Euskararen erabilera sustatzea du helburu lehiaketak, eta gazte jendeak egunerokotasunean hizkuntza modu naturalean erabiltzea, esamoldeek hizkuntzari ematen dioten adierazkortasuna eta bizitasuna baliatuta. Parte hartzeko, honako urrats hauek jarraitu behar dira: lehiaketak proposatutako esamoldeetako bat aukeratu; bideo originala egin; eta Instagramen paratu #botaba traolarekin. Lehiaketak hiru aste iraungo du, azaroaren 4tik 25era, eta 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Gainera, lehiaketak iraun bitartean, #botaba-ren enbaxadore ariko dira Iban Garcia youtuberra, eta Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak, erabiltzaileei jolas, desafio eta bestelakoak proposatuz. Bi sari banatuko ditu lehiaketak: sari nagusia eta esamolde originalenaren saria. Lehiaketaren xehetasun guztiak www.botaba.eus gunean ezagut daitezke. Ipurdiko hotzik ez badaukazue, bota esamoldea!


gaubeltzaURRIAREN 31n Gau Beltza nola ospatu jakin nahi duenak, baliabide mordoxka topatuko du www.gaubeltza.eus gunean. Azken urteotan, herriz herri zabaltzen ari da Gau Beltza ospatzeko ohitura. Nazioartean ere herrialde askotan egin ohi da, eta atzerriko ereduak nagusitu dira Euskal Herrian, batik bat Halloween delakoa. Haatik, jaia berrasmatzen ari dira hainbat euskal herritan, antzinako ohiturak berreskuratuta. Hala, eta Gau Beltza antolatzeko baliabideak jendearen eskura jartzeko asmoz, Euskaltzaleen Topaguneak bilketa lana egin du, eta sarean edonoren eskura ipini. Jaiaren jatorriaren azalpena, sustatu nahi diren balioen deskribapena, prozesuan laguntzeko gomendioak, ospatzeko ekintza proposamenak eta komunikazio euskarriak biltzen ditu Euskaltzaleen Topaguneak sortutako baliabideen kutxak.

 

 

LABURREAN

itzulITZULTZAILE neuronala ipini du sarean Eusko Jaurlaritzak, www.euskadi.eus/itzultzailea helbidean. Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenak egiten ditu, bi norabideetan, eta 4.000 karakterera bitarteko testuak onartzen ditu. Itzultzaile neuronalak testuingurua aintzat hartzen du eta, ondorioz, esaldi ulergarriagoak osatzen ditu, beste sistemek baliatzen dituzten itzultzaileen aldean. Halere, aurkezpenean azaldu zuten moduan, helburua ez da itzultzaileak ordezkatzea, baizik eta laguntza eskaintzea bi hizkuntza horietan lanean aritzen direnei. Probazko bertsioa da orain erabilgai dagoena, baina etorkizunean gehiago garatuko dute.

bertsoeskolaBertsoeskola.eus bertso eskoletarako ataria ipini du martxan Bertsozaleen Elkarteak, haien arteko saretzean eragiteko asmoz eta haiek eginiko ekarpen guztiak eskuragarri jartzeko. Hala, guneak, CodeSyntax enpresak garatuak, hainbat baliabide eskaintzen du: gaitegia, errimategia, doinutegia, bertso jarriak... Horrez gain, bertso eskolek sortzen dutenaren berri ere ematen du.