Youtuberren sindikatua

Lehengoan irakurri nuen Alemaniako youtuber talde bat batu, eta sindikatu moduko bat eratu duela, multinazionalari “lan baldintza duinagoak” eskatzeko. Egia esan, nahiko arrazoizko gauzak eskatu dizkiote Youtuberi: gardentasun handiagoa erabakiak hartzeko orduan; bideo bat erretiratzean, argi adieraztea zein diren horretarako arrazoiak; zerbitzu teknikoa gizakiek ematea, ez makinek; eta, azkenik, youtuberrak Youtubeko bazkide egitea, kasu askotan youtuber izatea baita beren ogibide bakarra.
Dena den, aitortu behar dizuet albisteak sentimendu kontrajarriak eragiten dizkidala. Alde batetik, esan bezala, iruditzen zait egin dituzten eskariak oso arrazoizkoak direla. Youtubek etekin ekonomikoa izateko funtsezkoak dira youtuberrak, eta logikoa da bideoak partekatzea ogibide bihurtu dutenek baldintza hobeak galdegitea. Behintzat, irizpide argi batzuk izatea jakiteko zer den onargarria eta zer ez Youtubera igotzen diren bideoetan. Eta, zer arraio, edozein langilek baldintza hobeak lortzea beti izaten da pozgarria!
Baina, beste alde batetik, ez daukat oso garbi Youtubek bere gain hartu behar ote duen azken urteotan makina bat youtuberrek profesionalizatzeko hartutako erabakia. Youtubek plataforma bat eskaintzen du bideoak dohainik argitaratzeko, bai... baina bideo horiek bizibide bihurtzea norberak hartutako erabakia da, eta youtuberrek bazuten baldintza horien berri horretan hasi zirenean. Are gehiago: baldintzok espresuki onartu beharra dago zerbitzua erabiltzen hasteko. Baldintzak gustatu ezean, zerbitzua erabiltzeari uztea ere badute.
Iritzi jakina baino, galdera mordoa eragiten dit youtuberren sindikatuaren kontu honek. Hona hemen, zuek ere pentsatzeko. Zilegi da Youtubeko bideogintza lanbidetzat hartzea? Eta, hala bada, zilegi da Youtube youtuberren nagusitzat jotzea? Zer harreman izan behar dute youtuberrek haien bideoak argitaratzeko plataformarekin? Nik neuk ez daukat batere argi.

Loturak, estekak, linkak

https://fairtube.info
Youtuberren sindikatu honi buruzko informazio ofizial guztia, ingelesez eta alemanez.

https://labur.eus/aiora
Bai, bai, euskaraz ere baditugu youtuberrak. Aiora probatxoa da ezagunenetakoa. Bisitatu haren kanala!

https://youtubeskolak.eus
Azkue Fundazioaren ekimen berezia gazteei youtuber izaten irakasteko.