Egonean

olasagarreJuanjo Olasagarre

Bizi genitzakeen balizko bizitza guztietatik bizi duguna bizitzea ez zaigu nahiko iruditzen askotan. Budismoak, beharbada orainaren kolonizazioa hobekien egin duen erlijioak, hemen egon behar dela dio, eta balizko bizitza horiek enbarazu baino ez dutela egiten orain eta hemengo bizitza bizi izateko orduan.
Horren Mendebaldeko bertsioa egin digute hainbat pentsalarik, hala nola Schopenhauerrek eta Heidegerrek, kristauak garen neurrian Mendebaldekoon etorkizuneko afanari hesia jarri nahian.
Niri, zer esanen dizuet, budismoaren hemen egotearen onartze horrek arazoak sortzen dizkit, eta hainbat eztabaida izaten ditut adiskide ia budista batekin.
Izan ere, uste dut onarpen horrek norberaren egoera ontzat ematera bultzatzen duela norbanakoa, eta, ondorioz, bere egoera onartzera. Iraultzaren kontzeptua Mendebaldeko filosofiak asmatua da, eta ez Ekialdekoak.
Eta, hala ere, bizi dugun bizitza ardailatsu eta zurrunbilotsu honetan faltan sumatzen dut, askotan, budisten hemen egote hori. Jainkoagan sinesten ez badut ere, Gurutzeko San Juan edo Jesuseko Teresa hari begira egoten ziren bezala egon nahi nuke, egonean, haren izateaz betea. Edo Eugenio Montale poeta italiarraren materialtasuna izan, egonean egoteko. Edo Claudio Rodriguez edo Lorenzo Oliván poeten gauzatasunean. Pello Otxotekoren poesia irakurtzeko asmoa dut uda honetan. Begira eta egonean egoteko laguntza ematen duela esan didate. Sakelako telefonorik ez, isiltasuna, hitz gutxi, sosegua bilatu.
Badakit lan zaila dudala, udak deitu egingo nauela, telefonoak txirrin egin, adiskideek hots egin, egunerokotasunak bozina jo. Eutsi egingo diot, ordea. Badakit barruan badudala parte bat nire buruarendako galdu dena, eta aurkitu beharra dut, ez dakit nola, baina aurkitu beharra dut. Beharbada, harriak kontatuko ditut, edo ibiltzean pausoak zenbatu, edo izkina batean ezertan ez aritu, ongi baitakit, oraindik ere, nire baitakoari begiratzea eta hura miratzea dela nire abenturarik ausartena.