Zazpi, buru bete bazpi

gzazpi

Kapitalismo justuagoaren alde. Lelo hori goiburu (azal lodia behar da, gero), amaitu berri da G7 goi-bilera Biarritzen. Ez al dira kontrajarriak, ordea kapitalismoa eta justizia? Bai, behintzat, munduaren bi ikuspegi ezberdinen ezaugarriak. Izan ere, bi mundu ikusi ditugu aurrez aurre Biarritzen. Batean, goi-bileran, hogei mila polizia eta militar zazpi lagun eta haien morroiak zaintzen. Bestean, kontragoi-bileran, milaka eragile, aurrekoen politikak salatzen. Batean, gutxi batzuen interesak nola bermatu aztertzen. Bestean, munduko gainerako herritarren eskubideak galdegiten. Erdian, kazetari asko eta asko, han gertatzen ari zenaren lekukotza eman ezinik, trabaz betetako lana egiten. Non eta erabat militarizatutako herri eta hirietan, Biarritzen bertan eta inguruetan, beldurraren politikak betetako eta herritarrez eta oinarrizko eskubideez hustutako kaleetan. Hori izango da, antza, kapitalismo justua: jendea isilik eta geldirik egotea, gutxi batzuen esanetara.