Ikastolak

kilometroakOrain arteko jai ereduari eutsiko dion azken Kilometroak jaia, Zarautzen

Urriaren 6an egingo da, Zarautzen, Kilometroak, Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia. Salbatore Mitxelena ikastolak antolatuko du, hirugarrenez. 1987an ere Zarautzen egin zuten, baita 2004an ere, azken hori Oriorekin batera. Ni, hi, hura... Ikastola mundura! izango dute goiburu, norbere errespetuan eta bestearen aintzatespenean oinarrituta, elkarlanaren garrantzia nabarmentzeko asmoz. Bi helburu nagusi izango ditu aurtengo jaiak. Batetik, ikastola herritarrengana hurbiltzea, eta Salbatore Mitxelena ikastola sortu zuten herritarren ausardia eta ahalegina gogora ekartzea. Bestetik, eta Kilometroak jaiak aurrerantzean jarraituko duen bidea gogoan, ikastolek betidanik izan duten izaera aurrerakoi eta aktiboa nabarmentzea. Izan ere, aurten 43. aldia izango duen Kilometroak jaiak bestelako eredua izango du datorren urtetik aurrera. Gogoeta luzea egin ondoren, Gipuzkoako ikastolek beste eredu bat abiatzea erabaki dute. Orain artean, egun bakarreko jai erraldoia zen oinarria. 2020tik aurrera, berriz, jai txikiagoa eta parte hartzaileagoa izango da, baina izaera ludikoa galdu gabe: ibilbidea egiten jarraitu ordez, gune tematikoak antolatuko dituzte; eta egun bakarreko jaialdia egin beharrean, ikasturte osoan ekitaldi eta jaialdi txikiak egingo dituzte Gipuzkoako ikastola guztiek elkarlanean antolatuta, beste zenbait eragileren laguntzaz. Horrela, parte-hartzea sustatu eta ikastolen komunitatea sendotuko dute, eta orain arteko ereduak sorturiko zenbait kezkari (Kilometroak ez izatea jai kontsumitzaile hutsa edota hasieran gizartean zuen rola berreskuratzea) erantzuna emango diote. Finean, euskararen aldeko aldarria egiteko eta euskara erabiltzeko esparru izatea lortu nahi dute. Eredu hori martxan jarri bitartean, heldu Zarauzko aurtengo hitzorduari!