Himalaia

everestNepalgo Gobernuak Everestera igotzeko arauak aldatuko ditu

Munduko tontorrik garaienean gertatzen diren masifikazioak saihestearren, Nepalgo Gobernuak Everestera zein Himalaiako beste zortzimilakoetara igotzeko arauak aldatu nahi ditu. Everesteko masifikazioa ia urtero izan ohi da albiste, baina aurten Nirmal Purja xerpak ateratako argazki batek are gehiago nabarmendu du arazoa: irudi hartan, sekulako ilarak ikusten ziren gailurretik gertu. Izan ere, dirutza ordainduz gero, mendian esperientziarik gabeko jendea ere gailurrera eramateko prest izaten dira hainbat bidaia agentzia. Horri aurre egiteko, araudi berria ezarri nahi du Nepalgo Turismo Ministerioak. Oraindik onartu ez badute ere, hauek lirateke neurri nagusiak: Everestera igotzeko baimena eskuratu nahi duten alpinistek aldez aurretik 6.500 metroko mendi bat igo dutela egiaztatu beharko dute, eta medikuaren ziurtagiria eduki; xerpa bat kontratatu beharko dute nahitaez; Everesterako igoerak antolatzen dituzten enpresek gutxienez hiru urteko esperientzia izan beharko dute; eta espedizioen antolatzaileek gutxienez 35.000 dolar kobratu beharko dituzte. Onartu aurretik ere, neurrien eraginkortasuna ezbaian jarri dute aditu eta alpinista askok, hainbat arrazoirengatik: ziurtagiriak faltsutu egin daitezke; 6.500 metroko mendi bat igotzea ez da nahikoa eskarmentua bermatzeko; baimenak garestitzea neurri ekonomikoa da, segurtasunari begirakoa baino... Gainera, kontuan hartu behar da masifikazioa bide jakin batzuetan gertatu ohi dela; hau da, Everesten, jende gehiena 2 bidetan pilatzen da, baina beste 18ak ia hutsik egoten dira.