Nafarroa oinez

oinezUrriaren 20an Tuteran izango da

Izan argi! lelopean ospatuko da, Tuteran, aurtengo Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen aldeko festa handia. Tuterako Argia Ikastolak antolatuko du, eta biltzen den dirua ikastolaren egiturazko zorra murrizteko baliatuko dute. Horrez gain, ikastolak abian duen eredu pedagogikoa indartzeko eta egitasmoaren aldeko apustuari eusteko balio izango du jaiak. Nafarroa Oinez antolatzen duen laugarren aldia izango du Argia Ikastolak: aurretik, 1995ean, 2002an eta 2013an antolatu zuen. Aurten ere, Erriberako jende guztiaren festa izatea nahi dute antolatzaileek, eta “proiektuak ematen duen oihartzuna Erribera markarako erakusleiho izatea”. Hala, Nafarroa Oinezen antolakuntzan eta garapenean lagundu nahi duten guztiak besoak zabalik jasoko dituztela nabarmendu dute. Urriaren 20an, hortaz, denok Tuterara!