Erresuma Batua

beeKorridore berdea, erleak erakartzeko

Erleak babesteko korridore berde bat sortu dute Londres Handiko Brent udalerrian. Helburu zehatza du: erleek eta bestelako intsektu polinizatzaileek izan dezatela non elikatu eta bizi. Korridoreak Brent zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera, eta aldez aurretik zeuden parke eta bestelako guneak baliatzen ditu. Guztira, 11 kilometro inguruko korridorea da, lorez beteriko 22 zelai txikiz osatua. Elikatzeko landareak ez ezik, hirian zehar mugitu ahal izateko aukerak ere eskaintzen dizkiete intsektuei gune horiek. Munduko beste leku askotan bezala, Brenten ere sumatu zuten gero eta erle gutxiago dagoela. Besteak beste, larreen gutxitzeak eragin du arazoa. Brenteko Ingurumen zinegotzi Krupa Shethek azaldu duenez, “II. Mundu Gerratik, basa-loreak dituzten larreen % 97 desagertu da Erresuma Batuan”. Atonduriko 22 zelaietan, tentuz aukeratu dituzte loreak, erleentzat ahalik eta erakargarrienak izan daitezen. Hala, besteak beste, udaberri-loreak eta mitxoletak landatu dituzte, eta badirudi aukera ona izan dela: iragan udaberrian jarri zuten martxan egitasmoa, eta ordutik zenbait erle espezie ugaritu egin direla egiaztatu dute. Gainera, erle eta intsektuen atzetik bestelako espezieak ere iritsi dira, eta udalerrian orain artean ikusi gabeak zituzten zenbait hegazti espezie dituzte orain korridore berdean.