Internet

babySare sozialak, haurtxoen erakusleiho

Sei hilabete bete baino lehen, haurtxoen % 81 ikusgai izaten dira sare sozialetan. Bada horietan munduratu aurretik agertzen denik ere: umetxoen % 23 sare sozialetan azaltzen da jaio baino lehen, gurasoek haien ekografiak sareratzen dituztelako. Hori gutxi ez, eta haurtzaroko lehen urteetan are gehiago ugaritzen dira haurtxoen irudiak sareetan. Datuok UOC Universitat Oberta de Catalunyak ezagutarazi ditu, hamar herrialdetan eginiko ikerketa baten ostean. Ikerketa egiteko, AVG informatika segurtasuneko enpresak egindako inkestak baliatu ditu UOCek. Emaitzak emateaz batera, halako portaeren arriskuez ohartarazi dute UOCeko adituek. Izan ere, behin sare sozialetan agertuta, ez dago jakiterik zein erabilera izango duten eduki horiek, batez ere haiek baliatzeko eskubideak sare sozialen jabe diren enpresen eskura geratzen direlako. Badira adingabeentzat arriskutsuak izan daitezkeen erabilerak, hala nola haurren nortasunaren usurpazioa, material pornografiko moduan erabiltzeko arriskua edota Interneten jazarpena egiteko baliatzeko aukera. Hots, argazki xaloak direnak material arriskutsua bilaka daitezke. Haurrak erakusleihoan ipini aurretik, beraz, zer egiten ari diren birritan pentsatzea komeni zaie gurasoei...