Animazioa

hemanHe-Man bueltan da

80ko hamarraldiko He-Man and The Masters of the Universe animazio saila gustuko dutenek aurki izango dute berriz ere marrazki bizidunez gozatzeko aukera. Izan ere, Kevin Smith zinema zuzendari, gidoilari, aktore eta komiki idazleak jakinarazi duenez, Master of the Universe-ren animazio sail berria prestatzen ari da, Netflix enpresarako. Mattel etxearen jostailu batzuetan oinarrituta, 80ko hamarkadan marrazki bizidunak egin zituzten. Bertan, Adam printzearen abenturak kontatzen zituzten: Boterearen Ezpata hartzen zuenean, “Nik dut boterea!” oihukatu eta unibertsoko gerlaririk boteretsuena bilakatuta, hantxe aritzen zen Skeletor maltzurraren eta haren bilauen kontra borrokan. Jostailuek eta marrazki bizidunek arrakasta izan zuten, eta askok izango dituzte gogoan. Smithek azaldu duenez, garai hartako istorioetan oinarrituko dira sail berria egiteko. Noiz aurkeztuko duten ez du zehaztu. Nolanahi ere, “unibertsoko nagusien” zaleek izango dute zer ikusi, Sony Pictures ekoizpen etxea filma prestatzen ari baita, hezur-haragizko aktoreekin. Aaron eta Adam Neek zuzenduta, 2021eko martxoan estreinatuko dute. Kasu honetan ere, izango da zerekin alderatu, film luzea egin baitzuten pertsonaia horiekin: Master of the Universe (Gary Goddard, 1987), non Dolph Lundgrenek gorpuztu zuen He-Man.