Portugal

fireAhuntzak suhiltzaile

Suteak ohikoak izaten dira Portugalen, eta arazo handi, maiz sute larriak izaten dituztelako. Suari aurrea hartzeko asmoz, aliatu berriak baliatzen hasi da Portugaleko Gobernua: ahuntzak. Ia denetarik jaten dutenez, aproposak dira mendietako sasi eta landaredia garbitzeko. Hain zuzen, sasiak eta bestelako landareak erregai apartak dira, suteak zabaltzeko itzelak. Azken hamarkadetan Portugaleko landa eremuetako biztanle kopuruak behera egin duenez, gero eta jende gutxiago aritzen da lanean eremu horietan; lantzen ez direnez, sasiak jaten ditu, eta horrek sute arriskua handitzen du. Horren aurrean, ahuntzen artzaintza berriro ere sustatzea erabaki du Portugaleko Gobernuak. Ahuntzek sasia eta landaretza jaten dute, baita tokirik malkarrenetan ere, eta horrela mendia garbiago egoten da; ondorioz, sute arriskua murriztu egiten da. Iaz, proiektu pilotu bat jarri zuten martxan ahuntzekin aritzen diren artzainei laguntzeko. The New York Times egunkarian argitaratu dutenez, egun ia 50 artzainek eta 10.800 ahuntzek hartzen dute parte egitasmoan. Guztira, 2.700 hektarea garbitzen dituzte ahuntz horiek, eta artzainek dirulaguntza jasotzen dute trukean. Halere, artzainak kexu dira, jasotako laguntza gutxi delakoan. Proiektuaren sustatzaileek, baina, beste arazo bat ere badute: artzain gutxi dago, inork gutxik egin nahi duelako halako lan gogorra. Nolanahi ere, suteen aurka eraginkorrak ei dira ahuntzak, baina ez nahikoak: basoen kudeaketa, suteen aurkako baliabide egokiak eta beste kontu batzuk hartu behar dira aintzat suari ganoraz aurre egiteko.