Hedabideak

erlojuSommar uhartean ez dutela ordularirik nahi?

Irakurle finenek oroituko dutenez, udako AIZU!n (439. zenbakia) albiste xelebrea argitaratu genuen: Norvegiako Sommar uhartean ez dute ordularirik nahi. Zirkulu polar artikoa baino iparralderago egonik urte erdia ilunpetan eta beste erdia egun argitan igarotzen dutenez, Sommarreko herritarrek denbora ezabatzea erabaki zuten, hots, ordutegiak desagerraraztea. Bada, ordutegia baino, hobe izango da albiste hori ezabatzea, gezur galanta baita. Gerora jakin zenez, Visit Norway Norvegiako turismo agentzia ofizialak zabaldutako albiste faltsua izan zen. Agentziak prentsa ohar moduan zabaldu zuen, eta mundu osoko hedabideek irentsi zuten gezurra. Guztira, nazioarteko 1.500 hedabide inguruk argitaratu zuten, tartean prestigio handiko zenbaitek: The New York Times, The Guardian, BBC... eta AIZU!, jakina. Albisteak izandako oihartzuna ikusita, Innovation Norway Norvegiako turismo eta berrikuntza agentziak gezurra zela jakinarazi eta barkamena eskatu zuen. Nolanahi ere, lotsatzeko arrazoiak bezainbeste izango dituzte poztekoak: Innovation Norwayk 50.000 euro inguru gastatu zituen albistea hedatzeko, eta, ordainetan, publizitatean ia 12 milioi euroko balioa duen oihartzuna izan zuen, agentziak berak egindako kalkuluen arabera. AIZU!n, ordea, ez dugu inolako onurarik jaso bueltan, lotsatzeko arrazoi ederra baizik. Gezurraren berri eman zutenerako udako AIZU! inprentan zegoenez, albiste faltsua bere horretan kaleratu genuen. Beraz, gure barkamen eskea zabaldu besterik ez dugu.