Osasuna

txertoaElgorri agerraldiak ugaritzen ari dira munduan

OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi duenez, eta 2019ko lehen sei hilabeteetako datuak aintzat hartuta, elgorria hedatzen ari da munduan: aurtengo urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra bitartean, 364.808 kasuren berri eman dute 182 herrialdek. Hots, iaz epe berean jakinarazitako kopuruaren hirukoitza: 2018ko lehen sei hilabeteetan, 129.239 kasu jaso zituzten 181 herrialdek. Datuok, gainera, behin-behinekoak eta osatugabeak direla ohartarazi du OMEk, eta askoz gehiago izan daitezkeela. Izan ere, erakundearen arabera, 10 kasutik 1en baino gutxiagoren berri eman ohi da. Nolanahi ere, 2006tik jasotako kopururik handiena izan da aurtengoa. Elgorriaren hedapenaren arrazoi nagusia txertaketarik eza da, herrialde txiroetan txertatzeak gutxi direlako, nagusiki, eta aberatsetan, aldiz, txertoen kontrako mugimenduak ugaritu egin direlako. Agerraldi handienak txertaketa maila txikia duten herrialdeetan gertatu dira. Alabaina, txertatze maila handikoetan ere ugaritu egin direla nabarmendu du OMEk. Esaterako, AEBetan azken 25 urteotako kopururik handiena izan dute. Datuak erakusle: iaz, 84.462 kasu zenbatu zituzten, eta aurtengo lehen sei hilabeteetan dagoeneko gainditu dute kopuru hori, ia 90.000 kasurekin. Egoerari aurre egiteko, txertoaren garrantzia azpimarratu du OMEk, hari esker ia erabat ekidin baitaiteke gaitza.