Euskara

euskaraldia2020ko Euskaraldiak nobedadeak izango ditu

Euskaraldiak, iaz estreinakoz egindakoak, jarraipena izango du datorren urtean. Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzeko ekimenean, 225.000 lagunek hartu zuten parte lehen aldi hartan, hala ahobizi nola belarriprest rolak hartuta. 2020an ere, bi rol horiek izango dira oinarri, baina berritasun gehiagorekin. Hala, norbanakoei ez ezik, entitateei ere eragin nahi die hurrengo Euskaraldiak. Horrenbestez, neurriak hartu beharko dituzte ekimenean parte hartuko duten entitateek. Horretarako, belarriprest eta ahobiziekin batera, ariguneak izenekoak izango dira, jendeari taldean ere euskara baliatzeko aukerak emateko. Euskaraz lasai jarduteko lekuak izango dira “ariguneak”. Bi motakoak izan daitezke: entitate barrukoak, bertako langile eta kideei euskaraz aritzeko aukera bermatuko dietenak; eta kanpora begirakoak, entitateokin harremanetan jartzen diren herritarrek ere euskaraz jarduteko aukera izan dezaten (bezeroen arretarako guneak, saltokiak, zerbitzu publikoak...). Bestalde, ahobiziek eta belarriprestek teknologia berrietan ere presentzia izateko moduak aztertzen hasi dira Euskaraldiaren antolatzaileak. Ekimenaren iraupena ere aldatu egingo da, luzeagoa izango baita: lehenak 11 egun iraun zuen, eta 2020koa 15 egunekoa izango da, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, hain zuzen.