Epikarik gabe, saltsa gutxiko kirola izango litzateke txirrindularitza

arinRaul Perez Martinez
Kazetaria eta euskara irakaslea

Historiako bi txirrindulari handiren biografiak ditu idatziak Perez Martinezek (Paris, 1976): Jacques Anquetil (autoedizioa, 2013) eta Fausto Coppiri eskainitako Biba Coppi! (autoedizioa, 2018). Irailaren 15ean beteko da Coppiren jaiotzaren mendeurrena. Informazio Zientziak ikasia, Irutxuloko Hitza eta Gaztezulo hedabideetan lan egin zuen, eta egun euskara irakasle da AEKn. Historian Donostian egin izan diren lasterketei buruz zer edo zer egiteko asmoa ere badu: “Informazio pila bat daukat, oraingoz ordenagailuan, besterik gabe”.

Italian, oraindik ere, inor gutxi izango da Coppi baino gurtuagoa...
Bai, hala da. Ezagutu ez duen jendeak ere badaki nor izan zen; haren bizitzaren ukitu mitikoak ere laguntzen du horretan. Gainera, esango nuke Italian mitoak-eta asko maite dituztela.
Palmares bikaina, gazte hildakoa... Mito bilakatzeko ezaugarri egokiak ditu?
Bai, bere palmaresak-eta hala erakusten dute. Testuinguru pertsonalak ere asko laguntzen du. Kontzentrazio esparru batean egon izanak oso interesgarri egiten du. Beti esaten dut Coppik kristoren pelikula daukala. Ez garaipenen gainekoa, baina zinema zuzendari batek kontzentrazio esparruan egondako garaia eta hori guztia ikertuko balu... Beste askok, Indurainek, adibidez, palmares hobea dute, baina bakoitzari tokatzen zaion bizitza tokatzen zaio. Ander Izagirreri behin irakurri nion western baten ezaugarriak dituela txirrindularitzak: onak eta gaiztoak...
Egun sortzen al da halako idolorik?
Nik uste txirrindularitzan asko erakartzen dutela ikuskizuna ematen dutenak, irabazi ala ez. Ez dira onenak, batzuek agian inoiz ez dute irabaziko lasterketa handi bat, baina aldekotasuna eragiten dute. Futbolean, haur askok izan nahi dute Messi, hau da, gol guztiak sartzen dituena-eta, baina iruditzen zait txirrindularitzan badagoela zorigaitzaren aldeko joera. Nik nahiago dut, baina horrek ez du esan nahi besteak ere ez ditudanik balioesten. Halere, zorigaitzaren xarma hori... Horrelakoak gustuko ditut. Pentsatzen dut hori humanoa dela.
Zer litzateke txirrindularitza epikarik gabe?
Segur aski, saltsa gutxiko kirola.
Epika txirrindulariek sortzen dute edo hedabideek?
Elkar elikatzen dute. Txirrindularitza oso kirol aproposa da, eta are aproposagoa izan zen. Garai batean, Tourrean, kazetariek irteera jarraitzen zuten, ondoren lasterketa erdira joaten ziren, eta gero bukaerara. Zer kontatzen zuten? Txirrindulariek kontatzen zietena. Hortik aurrera... Hau da, txirrindulariak kontatzen baldin bazien estralurtar bat agertu zela 20. kilometroan, haiek hori idazten zuten. Gaur egun, dena ikusten da. Beharbada, orain ikusgarriagoa da, arrauna bezala. Baina ez ikusteak ematen zion ukitu mitikoa. Kazetaritzak izan dezakeen arriskua da ukitu mitikotik gezurrera igarotzea. Dena den, ukitu mitiko hori ere polita da.
Txirrindularitza erlijioa da?
Erlijioa ez dakit, baina zaletasun berezia, bai. Jendea igandero mezatara joaten den bezala, nik uztailean Tourreko mendiko etaparik ez dut galtzen, eta, galtzen baldin badut, grabatu egiten dut. Bai, erlijio batekin konpara daiteke, zergatik ez? Futbolean gertatzen den bezala.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Ezustekorik ez izateak.
Eta tristatu? Lan kontuak maldan gora jartzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Edozein lagunekin egoteak.
Eta negarra? Edozein motatako ezbeharrek.
Zerk haserrearazten zaitu? Gauzak ez ateratzea nik nahi dudan bezala, beharbada.
Bizio bat: Txirrindularitza.
Historiako txirrindulari bat: René Vietto. 1934ko Tourrean atzera egin zuen etapa batean bere liderrari gurpila emateko.
Gaur egungo txirrindulari bat: Thibaut Pinot. Bere tragikotasunean lagun edukiko nau.
Tropela.eus-en inoiz irabazi duzu? Ez. Desastre hutsa naiz, bihotzarekin aukeratzen dut.
Eñaut Mitxelena