Hitzen goxoa, hitzen mikatza

“Euskal Herrian ez da kritika txarrik egiten”. Halaxe bota zuen Unai Pelayo Pelax musikari donostiarrak duela bi urte AIZU!n eginiko elkarrizketa batean. Pelax musikaz ari zen, baina beste arlo batzuetan ere maiz aipatu izan dira antzekoak, edo kezka agertu izan da, behintzat. Alegia, oro har, dela musikan, dela zineman, dela literaturan edota beste ezein diziplinatan, gutxitan irakurtzen direla, euskaraz, euskal sortzaileek egindako lanei buruzko kritika eta iruzkin negatiboak. Horrela al da? Goxorako baino al dira euskarazko kritiken hitzak, ala mikatzetik ere badute? Hala bada, zergatik izan daiteke? Eñaut Mitxelena, Txomin L. Aramaio.

iratxe

“Oro har, joera handiagoa dago kontu pertsonalez hitz egiteko kultur testuez baino”

Literatur kritikan aritua eta aditua da Iratxe Retolaza Gutierrez (Donostia, 1977). EHUn irakasle, UEUko Literatura saileko kide eta euskaltzain urgazle, kultur kritika feminista ere lantzen du. Besteak beste, El Pais, Berria eta Argia hedabideetan argitaratu izan ditu kritikak, aurten lan honi utzi badio ere.

1975etik 2005era Euskal Herrian egindako 2.300 kritika aztertu zituen Ibon Egañak Izan gabe denaz. Hogeita hamar urte euskal hedabideetako literatur kritikan (Utriusque Vasconiae, 2015) lanean. Emaitzak, argigarriak: kritiken % 84 positiboak edo oso positiboak ziren. “Datuetan dago: kritika txar gutxi egiten da euskaraz” dio Retolazak. Berak ere hala uste du. Hori azaltzeko, hainbat arrazoi aletu ditu.
Retolazak dioenez, “kritikak eztabaida sortzeko gune izan behar du: zein kultur eredu nahi ditugun, zein estetika diren eraginkorrak gizarte eraldaketarako... Ulertzen dut kultur kritika pentsamendu kritikoa garatzeko tresna bat dela”. Ondorioz, “kultur kritika baten funtzioak izan behar du testu horren inguruko iritzia ematea: irakurketa moduan zer iruditu zaizun; baina, batez ere, iritzi horrek testuinguru soziokulturalean egon behar du kokatua, eztabaida kultural horretan ekarpen bat egiteko eta aztertutako testu horrek zein ekarpen egiten duen kontuan hartzeko”. Alabaina, gaur egun, “kritika, oro har, ez da horrela ulertzen, komunitate osoa ez gatozelako bat, agian, ikuspegi horrekin, edo kultur kritikan gabiltzanok ez dugulako asmatu ikuspegi hori hartzaileen eta sortzaileen artean hedatzen”. Ondorioz, maiz, “sortzaileak edo sortzaileen zaleek sortzailearen kontrako ekintzatzat jotzen dute kritika, ez testuaren irakurketatzat”.
Beste bi zailtasun ere nabarmendu ditu Retolazak. Batetik, “hartzaileen gehiengoa ez dago, agian, eztabaida horien bila, baizik eta gustatu ala ez gustatu, ‘irakurri behar dut ala ez’ horren bila”. Retolazak ulertzen du jokabide hori, baina kritika zailtzen duela uste du: “Irakurle mota asko dago, eta ez dago bai ala ez esaterik irakurle mota guztietarako”. Bestetik, “askotan uste izaten da kritikaria epaile dela bere burua nabarmentzeko eta estatus jakin bat izateko”.
Ezaugarrioi lotuta, kritikariaren lana “gero eta zailagoa” dela dio Retolazak. Halakoetan, “zalantza sortzen zaizu zure funtzioaren gainean. Nik uste hortik datozela gure kezkak edo zailtasunak, eta ez hainbeste euskal komunitatea txikia izatetik”.
Komunitate euskalduna txikia izateak kritiketan eragina duela uste zabaldua da. “Kritikak egiten hasi nintzenean, “ez egin idazle lagunik” esaten zidaten, nire lana baldintzatuko zuelakoan. Denborarekin konturatu naiz hori gezur handia dela. Euskal munduan ibilita, nola ez duzu ezagutuko idazle bat bera ere? Bestalde, baliteke haiei entzun behar izatea ere!”. Horrek eragin dezake pentsatzea “idazlea zure laguna delako ez zarela zintzoa izango iritzia emateko orduan, baina ez dut uste hala izan behar duenik”. Tamalez, “gurean ez dago elkarrizketarako joerarik. Handiagoa da kontu pertsonalez hitz egiteko joera kultur testuez mintzatzekoa baino, oro har”.
Hori aldatzeko, “kultur testuez eztabaidatzeko guneak sortu beharko lirateke, elkarri esan ahal izateko azterturiko testuetan zer iruditu zaigun ona eta zer txarra...”. Haatik, “kritika erasotzat jotzen da ez komunitatea sendotzeko tresnatzat. Autokritikoa den komunitate bat oso sendoa eta oso heldua da, nahiz eta autokritika horretan ‘baina’ asko agertu. Gurean, badago hiperbabes moduko bat, eta horrek badu zerikusia komunitate txikia, diglosikoa edo zapaldua izatearekin. Gurea kultura heldua izango da elkarrekin gure buruaren gaineko autokritika etengabea egiteko aukera izaten dugunean, sano-sano eta konplexurik gabe”.
Aipatu ezaugarri horiek azal dezakete, hein batean, euskaraz kritika negatibo gutxi izatea. Nolanahi ere, beste faktore batzuk gehitu dizkio: kritikarien lanen maiztasuna eta kritiken luzera. “Kritika maiztasun handiz eginez gero, hainbeste liburu aukeratu behar dituzu, ezen gustatzen ez zaizkizunak ere hautatuko dituzula azkenean”. Hain zuzen, horrexegatik utzi dio kritikak idazteari, oraingoz. Maiz idazten zuenean, kritikari “eraginkorra” zela dio: “Astean behin idazten nuenean, hainbeste egiten nituenez, bazegoen oreka. Eta euskal prentsan kritikarien iraunkortasuna ez da hainbestekoa izan, salbuespenak salbuespen”. Testuen luzerak ere zalantzak eragiten dizkio Retolazari: “Azal daiteke oso karaktere gutxirekin eta argudio errealekin zer den interesgarria eta zer ez, ia-ia promoziorako testu bilakatu gabe?”. Horra galdera.

testi3

“Ez zaidana gustatzen ez dut egiten, eta kito”

Ihintza Orbegozok (Bergara, 1987) bost urte daramatza Berrian diskoen kritikak idazten. Bertoko zein kanpoko musikarien azken lanen errepasoa egiten du ia-ia astero.

Behin baino gehiagotan irakurri izan dugu bertoko egileen disko, liburu, antzerki lan edota pelikulen kritika negatibo gutxi egiten direla. Bertoko guztia produktu ona da kritikarien ustez? Ala ez dira ausartzen benetan pentsatzen dutena esaten? Orbegozoren kasuan, gainera, bere lanagatik zuzeneko harremana dauka musikariekin,  Durangoko Plateruena Kafe Antzokiko kultur programatzailea delako. Ematen al dio horrek askatasun osoa pentsatzen duena idazteko?
Astero, hiru disko kritika argitaratzen dira Berrian, eta, lau kritikari direnez, bakoitzak hiru idazten ditu hilero. Errotazio sistema egiten dute: hiru aste idatzi eta laugarrena atseden hartu. Orbegozorekin batera, Inaxio Esnaola, Andoni Tolosa Morau eta Julen Azpitartek egiten dute lan hori. 
Kazetaritza ikasketak egin zituen Orbegozok, eta lagun argazkilari musikazale batekin musika blog bat sortu zuen. “Berrian diskoen kritikak egiten zituen batek ardura laga behar zuen eta, ez dakit nola, gure blogera iritsi ziren. Berriako kultur arduradunak deitu eta hutsunea betetzea proposatu zidan” gogoratu du. “Eta nik baietz esan nion”.
Betidanik izan da musikazalea. “Aita ez hainbeste, baina ama oso musikazalea izan da. Haren lehenengo lana disko denda batean izan zen. Txikitatik jaso dut etxean euskal folkloretik hasi eta bestelako musiken eragina. Ama erditzera Pantxoa eta Peio entzuten joan omen zen”. Era berean, Neil Young, Bruce Springsteen eta beste hamaika artista atzerritar ere txiki-txikitatik ezagutu ditu etxean. “Denetik jaso dut. Amak lanetik ekartzen zuen musika mota hori etxera”. Solfeoa ikasi zuen, eta pianoa jotzen ere badaki.
Disko aukeraketa librea egiten dute kritika egiteko orduan. Bakoitzak nahi duena aukeratzen du. “Berria euskal egunkaria izanda, ahal den neurrian euskal taldeen gainean idazteko esaten digute. Baina nahi duguna hautatzen dugu, eta inoiz ez digute ezer esan atzerriko taldeen aipamenak egiteagatik. Ezinezkoa da urte osoan euskal taldeak bakarrik aitatzea”. Horrez gain, saiatzen da emakume bakarlariak edota taldeak aukeratzen.
“Hainbat blog, sare sozialak, web orriak, Badok.eus... Azken asteetako berritasunak jarraitzen ahalegintzen naiz, eta autoan CDak entzuten ditut lanerako bidean”. Aukeratutako diskoa entzun eta entzun egiten du kritika egin aurretik. “CDa ez dudanean, Internet bidez entzuten dut aukeratutako lana”.
Plateruenako programatzailea izanda, euskal talde askorekin harreman pertsonala dauka Orbegozok. Ezin da erraza izan talde horien diskoen kritika txarra egitea. “Horrek ez dauka zuzeneko eraginik nigan. Jende askok esaten du euskal kulturan, oro har, ez musikan bakarrik, kritika txarren bat falta dela. Esaten da kritikatzen den guztia positiboa dela” hausnartu du. “Nik uste dut hori gertatzen dela, neurri batean, Euskal Herria txikia delako. Baina ez da hemengoekin bakarrik gertatzen. Nazioarteko disko bat ez bazait gustatu, zertarako aitatuko dut, bada? Kanpoko taldeen kritika negatiborik ere ez dut egiten. Kritika negatiboagoa da aipatu ere ez egitea” gehitu du.
Jendeak gero asko erabiltzen du zer den ona eta zer den txarra. Baina gehiago da zer gustatu zaidan eta zer ez. Nor naiz ni hori baloratzeko? Ez naiz ez konpositorea ez ekoizlea ez teknikaria ez beste ezer. Beraz, ez zaidana gustatzen ez dut egiten, eta kito”.
Hala ere, badaude salbuespenak. “Batzuetan, disko batzuek ez dizute ezer transmititzen, baina musikariak arriskatu egin dira. Bada, halako batzuen gaineko kritikak egin izan ditut, neuri gustatu ez arren, estilo hori atsegin dutenentzat gustagarria izan daitekeelakoan, edo zer edo zer proposatzen duenean. Hori egiten dugu”. Dena den, egiari zor, beti jotzen dute gustatzen zaizkien taldeen kritikak egitera: “Denoi igartzen zaigu”.
Berriako kritikarien artean, bakoitzak estilo nahiko definitua du, eta, Orbegozoren ustetan, igartzen da bakoitzari zer gustatzen zaion. “Akaso errazena ere bada. Musika estilo bat gustuko baduzu, ondo ezagutzen duzu musika eremu hori, baita talde bakoitza nola bilakatu den ere. Errazagoa da guretzat”.
Ez du esperientzia txarrik eduki kritika bat idatzi eta gero. “Norbaitek pentsatu izan badu, ez dit ezer esan. Eta lankideek, nik dakidala, ezta ere”.

agus

“Kritika ezin duzu zure bolizko dorretik idatzi, baizik eta jendearen alboan egonda”

Agus Perezek (Bilbo, 1954) ia hiru hamarkada daramatza antzerkiari eta dantza garaikideari buruzko kritikak euskaraz egiten, Lali Marimon laguna ezinbesteko laguntzaile duela. Bilboko Txomin Barullo irrati librean hasi zen, Hika aldizkarian eta Euskaldunon Egunkarian jardun zuen, eta orain Berrian aritzen da, batez ere.

Euskaraz egiten al da kritika txarrik? “Bada, ez. Edo alderantziz: bai, baina ondorioak dakartza”. Osasun kontuekin egin du alderaketa Perezek: “Ahul edo hilzorian dagoenari ez diozu esango, gainera, zein txarto dagoen, ez dakit zenbat gaixotasun dituela... Baina hori ere esan behar zaio! Hau da, salbaziorik ikusten badiozu, esan egin behar diozu, neurriak hartzeko, horrela hobetuko delako. Diagnostikoa egin behar diozu, eta ez zaio gustatuko, baina bere onerako izango da. Eta gaixoak onartu egin behar du bere onerako esaten diozula, eta ez asmo txarrez”.
Perezen ustez, talde edo konpainiek beren lanaz duten pertzepzioak zuzeneko lotura du kritikak jasotzeko moduarekin: “Talde bat sendo badago, eta sendo dagoela baldin badaki, oso ondo hartzen ditu kritikak. Baina jakitun bada bere proposamen eszenikoa erdipurdikoa dela, edo lan nahiko eskasa plazaratu duela, edo oso komertziala, eta zuk hori esaten badiozu, oso txarto hartuko du... egia esaten ari zarelako. Batzuek hala jokatzen dute: epelkeriak plazaratu eta errazkeriekin konformatu, eta zenbat eta ahulagoa izan proiektua, orduan eta propaganda handiagoa egin beren buruari, beren gabeziak apur bat estaltzearren”. Halakoetan, “zeu agertzen zara enperadorea biluzik dabilela esatera, eta hori ez zaio inori gustatzen”.
Esaten denak bezainbesteko garrantzia omen du nola esaten den: “Ni beti saiatzen naiz testuak errespetu handiz idazten, eta zerbait salbatzen. Beti onartu behar da, eta defendatu, egitasmo horien atzean badagoela lan bat”. Hala, antzerki emanaldietan “beti aritzen naiz pentsatzen zer salbatuko dudan”. Argi du zein den “zeharkatu behar ez den” muga: kritika gaiztoa, “doako mina eragiten duena”. Halakorik ez egiten ahalegintzen da.
Kritika negatiboak, bai, egiten ditu. “Kritika txar edo on bat ez da hutsetik egiten” dio Perezek, eta irakaskuntzarekin alderatu du (irakaslea ere bada): “Ikasleei jarraipena egiten diezu, ebaluazio jarraitua. Ezin diozu esan bati, bat-batean, ez duela ikasturtea gaindituko, besterik gabe”. Kritikagintzan, berdin: “Jarraipen mota bat izan behar da kritika. Batzuetan txarra izaten da, baina  alde horretatik: behar duenari adierazteko zein gabezia dituen, zertan asmatu duen, zergatik... Horrela ulertzen dut nik kritika”.
Kritikari lanean, “laguntzaile” rola da berea, “hau da, ez naiz zutabe doriko baten gainean dagoen bat. Ni naiz jendearen zerbitzura dagoen bat, nire ahalmen guztiarekin. Eta ez da oso handia, kar-kar!”. Finean, “ni ikusle profesionala naiz, eta beti saiatzen naiz ikusle arruntaren azalean jartzen. Jakina, nik erreferente gehiago eta beste ditut, eta irakurleari ematen diot ikusi duen gauza bera, baina kontraste batekin”.
Besteak baino koska bat gorago daudela uste duten kritikariak badirela dio Perezek. “Horregatik hasi nintzen kritikari: irakurtzen nituen kritika nazkagarriak berriro ez irakurtzeko. Hau da, gure mundua eta izaera oinarri, kritikak beste era batean egiteko: lankidetza ardatz, eta ez adiskidekeria”. Ondorioz, kritikaria antzerkiaren eta dantzaren mundua osatzen dutenetako bat da: “Antzezleak, teknikariak, zuzendariak, egileak... kritikariak beste bat izan behar du, haietako bat. Sistema horretan, elementu osagarri bat”.
Sistema horren barruan daudenentzat “zaila” ei da kritikaria lankidetzat jotzea, “zeren uste baitut beste eredua, kritikari harroputzarena, oso errotuta dagoela. Halakoak, egon badira”. Halere, “denborarekin, nor bere mailan dagoela ohartzen dira, eta badaukazu haiekin garagardo batzuk hartzera joatea, edo ospakizun batean haiekin egotea... badakite nor zaren zu, eta badakizu haiek nor diren. Tira, gutxi gorabehera ideiak trukatu eta halakoak egiten dira, eta hori oso aberasgarria da. Izan ere, kritika ezin da egin hutsetik, ezin duzu zure bolizko dorretik idatzi. Idatzi behar da jendearen alboan. Ez haiekin nahasita, baina bai haien aldamenean”.