Zenbateraino ezagutzen duzue Euskal Herria?

ikamika

Bi astez, euskara ikasi, hobetu eta erabiltzeko aukera izan dute AEKren barnetegi ibiltarian, eta bitartean Euskal Herriko txoko eta bazterrak oinez ezagutzekoa. Baina zenbateraino ezagutzen dugu Euskal Herria? Izan ere, zazpi lurraldeen banaketa administratiboak erabat zatikatzen du euskararen herria. Esaterako, Ipar Euskal Herria Frantziako estatuaren parte izanik eta Hego Euskal Herria Espainiako estatuarena, bien arteko mugak arrakala handia sortzen du, eta ez soilik administratiboki: iritzi hedatua da batzuen eta besteen arteko elkar ezagutza eskasa dela. Hala iruditzen al zaizue? Hegoaldekoek zenbateraino ezagutzen dute Ipar Euskal Herria? Eta Ipar Euskal Herrikoek Hegoaldea? Bizkarra ematen al diogu elkarri?

1. Oriol (Terrassa)
Nik kanpotik ikusten dut; katalana naiz eta ez dut gaia bertatik bertara ezagutzen, nahiz eta Països Catalanseko Rossellóngo kasua antzekoa izan. Ezagutu ditudan Iparraldeko euskaldunek argi daukate beren euskal nortasuna, baina ibiltariaren testuinguruan erraza da hori. Kultura eta ohiturak partekatzen dituztela nabaritzen da.

2. Montse (Sabadell)
Aitortu behar dut, Euskal Herriaz ari garenean, nire iruditerian bai agertzen direla zazpi probintziak, horrela ikasi dugulako euskaltegian, baina errealitatean Hegoaldetik soilik mugitzen gara. Iparraldea ezezagun handia da, urruti dauden bazterrak; eta bertako euskalkia, ia-ia hizkuntza exotiko bat.

3. Elisabeth (Donibane Garazi)
Ibilaldi honekin, Iparraldeko mendi paisaia miresgarriak ezagutu ditugu. Baina nolakoa da tokiko herritarren bizimodua? Anitzek erran duten bezala, ez da lantegirik, bizitegi eraikin handirik ere ez, baina etxe ederrak badira, eta bizi ingurumen paregabea ere bai. Iparraldetik bakarra nintzen, eta gure ezberdintasunez ohartu naiz, bai gobernuen politikarengatik bai gure euskalkiengatik.

4. Eder (Gallarta)
Bi estatuek inposatutako Ipar-Hego arrakalak herri moduan zatitu egin gaitu. Ez dugu elkar behar beste ezagutzen, eta mugaren gaineko zubiak eraikitzeko ordua dela uste dut. Sor ditzagun elkargune berriak Iparraldea eta Hegoaldea behingoz bat izan gaitezen.

5. Nestor (Gasteiz)
Ipar eta Hego Euskal Herriak duten muga administratiboa oztopoa da elkar ezagutzarako, argi dago. Hala ere, ez al du elkar ezagutzak hobetzeko tarterik? Batez ere, Hegoaldean?

6. Tirso (Iruñea)
Hegoaldean oso gutxi ezagutzen da Ipar Euskal Herria. Gehiegitan, arrotz bezala ikusten dugu elkar. Euskararen erabilerak eta herrien arteko ekimenek hau gainditzen lagunduko lukete.

7. Tania (Lizarra)
Oso polita izan da Euskal Herriko leku zoragarriez disfrutatzea hizkuntza eta kultura konpartituz, pausoz pauso bide komuna eginez.

8. Sara (Iruñea)
Uste dut gutxi ezagutzen dugula Ipar Euskal Herria; nik, behintzat, oso gutxi. Esperientzia honek balio du hobeto ezagutzeko, ikuspegiak eta paisaiak ez ezik, kultura ere. Jende euskalduna ezagutu dugu, espero nuena baino gehiago, eta haien euskalkiak ere bai.

9. Iñigo (Barakaldo)
Agerikoa da bi estaturen menpe egoteak erreferentzia kultural desberdinak sortzen dituela (hizkuntza, zinema, telesailak, TB aurkezleak...), eta horrek elkar ezagutza oztopatzen duela.