AEB ikusezinak

aeb

Bidaia agentziek eskaintzen dutenetik harago, bada beste Ipar Amerika bat. Egun gutxi batzuetan autoz eginiko bidaia honetan, AEBetako Kalifornia eta Nevada estatuak zeharkatzean, herrialde handi honen bestelako aurpegia ikusi ahal izan nuen: normalean erakusten ez dutena, ikusi nahi ez duguna. Ez bakarrik alderrai dabiltzan pertsonena, baita arimarik gabeko lekuena, bigarren mailako errepideena... Ahazturiko lekuak, baina iragana izan zutenak; zenbait kasutan, loriatsua, gainera. Abandonua ardatz duen ibilbidea: segur aski beste aukera bat behar duten gizon-emakumeen bazterketa, anekdota izatera kondenaturiko bideak, neonezko argiak modurik tristeenean itzali zituzten negozioak (miresteko inor izan ez zutenak) edota behinola orro harro egin eta egun herdoilak janak dauden ibilgailuak. Iraganeko oihartzunak, modu batean ala bestean sekula alde egingo ez dutenak. Izan ere, beti izango dira istorio horiek, xumeak izanagatik ere, ezagutzeko gogoa eta jakin-gosea dituzten pertsonak. Pablo Gomez.

San Frantziskon, portutik gertu, El Embarcadero izeneko eremu batean aparkaleku bila, kopilotuaren lekutik argazkiak ateratzen ari nintzela, azalpenik behar ez duen irudi bat lortu nuen: etxerik gabeko pertsona bat, itxuraz gaixo, eta atzean izugarrizko gurutzaontzi baten luxua.

San Bernardino konderriko Chino Hills hirian supermerkatu zahar baten iragarkiarekin egin nuen topo. Herdoila protagonista, gaztelaniaz idatzitako iragarki baten eta elurrezko panpina baten siluetaren alboan, mundu honetakoak eginak dituzten neonezko argiekin.

Sacramenton, zehazki Old Sacramenton,  han ziren elkarren ondoan turistak, bizikleta festa bat, opari denda piloa eta abortuaren kontrako gazte taldeen elkarretaratze bat. Gazte haietako batek lelo hau zeraman elastikoan: Damutu, eta Jesukristorekin baino ez fidatu. Ikusezinak ziruditen, nahiz eta, megafonoa eskuetan, entzunak izateko ahaleginak egin. Kontrasteak leku berean.

Santa Monican, Route 66 ospetsuaren amaierako bide seinale ikonikoari argazkia ateratzeko derrigorrez geratu behar. Han, itsasotik gertuko denda eremu politei ez ezik, banku batean lotan zegoen pertsona bati ere argazkia atera nion. Turistaz gainezka egon arren, Route 66 ibilbidearen amaiera adierazten duen bide seinale herdoildua  ikus nezakeen, dagoeneko inork ikusi eta iruditan jaso nahi ez duen bide seinalea.

Los Angelesen, Beverly Hillsek irudimena dantzan jartzen dizu, eta Hollywoodeko izarren luxuzko etxeetan pentsarazten, nahiz eta 6. irteera adierazten duten seinale hondatuek ez duten hainbesteko luxurik iragartzen. Hiriko Venice auzoan, gizonezko beltz batek erosketa orga batean daramatza bere ondasunak. Ohikoa eta mila aldiz ikusia izan arren, berdin eragiten du zirrara irudiak. Auzo berean, etxegabe bat zebra bidea zeharkatzen ari da bisitariarontzat erakargarria ez den eremu batean.

Las Vegas jomuga interesgarria da. Bidaidearen autoa gidatzen nindoala, kitzikagarria izan zen nire begi ninientzat hiriko argiak hara iritsi baino zenbait kilometro lehenago ikustea. Fremont Streetek beren kabuz hitz egiten duten argazki ugari eskaintzen ditu. Dena ez da jokoa eta dibertsioa Las Vegasen.

Las Vegasen nire begi nini aseek atsedena behar zuten; eta birikek, aire garbia. Horretarako, erabateko bakea topatzeko, hurbileko  hilerri batera jo nuen, Nelsonera zehazki. Hilobi ugari eta askotarikoen artean, egurrezko hilarri zaharkitu bati erreparatu nion: inolako idazkunik gabe eta pintura higatuaz, bazirudien aspaldi utzi ziotela bisitatzeari.

Rachelerantz gindoazen, estralurtarren autobidean barrena. Ez genuen ez OHErik ez estralurtarrik ikusi, baina herri ñimiñora iritsitakoan (famatua 51. Eremua delakoa gertu duelako, non, ustez, estralurtarrei buruzko sekretuak gordetzen dituen AEBetako armadak), oroigarri dendak ez ezik, abandonaturiko meategi batek ere erakarri zuen nire arreta, baita euliz jositako behi baten hilotzak ere. Horiekin batera, 50eko eta 60ko hamarraldietan ekoitzitako auto zabarrez betetako lursail ugari begien bistan.

Mojaveko basamortuan barna, miliak egin genituen gidatzen. Bero bizia, asfaltoaren tenperatura altua, eta amaierarik ez duela dirudien zuzengunea. Errepidearen zati handi batean, hegaztiak izan daitezke ikus ditzakezun izaki bizidun bakarrak.

Kalifornia estatuko lurretan, oraindik ere Mojaveko basamortu ikusgarrian barrena, nahitaez gelditu behar izan genuen aspaldiko ur parke hutsa ikustean. Lake Dolores izenez 1962an zabaldua, hainbat aldiz itxi eta ireki ostean, eta izena hainbatetan aldatu ondoren, 2004an itxi zuten behin betiko. Egun, grafitiz eta hondakinez betetako toki bitxia da bere garaian dibertsio iturri izandakoa.

Ahanzturaren, eta zenbait begirentzat ikusezina denaren, bidaia hau amaitzeko, zer hoberik edo zer okerragorik Arne’s Royal Hawaiian motela baino. 1957an irekia eta 2009an itxia, Bakerren dago, Kalifornian. Motel arrakastatsua izan zen, harik eta errepidea bigarren mailakoa bihurtu eta bidaiarientzat deserosoagoa bilakatu zen arte.