Dinamoa: sormen prozesuen babes eta egoitza

dinamo

Azpeitiko Soreasu antzokia dagoen eraikin berean, hil honetan jarriko da martxan Dinamoa Sormen Gunea, Hitzaren Eskola egitasmoarekin batera. Lanean hasteko gogotsu daude proiektuaren arduradun Xabier Gantzarain eta Aitor Bengoetxea: kulturaren inguruko ‘arazoak’ eduki nahi dituzte buruan, “ez obra baimenak eta halakoak”. M. Egimendi. Argazkiak: Kulturaz Kultur Kooperatiba.

Dinamoa Azpeitiko Kultur Mahaiaren egitasmoa da, prozesu luze baten ondorioa: “2016an hasi eta 2017ko uztailean aurkeztu genuen proiektua Kultur Mahaian. Herriko kultur mugimendua biziberritu nahi dugu, parte-hartze prozesuan jende askok azaldu zuelako errelebo faltari buruzko kezka; izan ere, kultura sortzeko eta partekatzeko erak aldatu egin dira, baita kultur talde baten parte izateko moduak ere... Dena dela, ez da azpeitiarrei eta Azpeitira mugatutako egitasmoa, Azpeititik Euskal Herrira zabalduko dena baizik”. Hizkuntzaren hautua, berriz, oso argi izan zuten hasieratik: “Hemen, naturala euskaraz aritzea da, baina lanerako euskara baliatzea erabaki kontziente eta politikoa izan da”. Kultur Mahaiko Kulturaz Kooperatibak kudeatzen ditu Azpeitiko Sanagustin kulturgunea eta Soreasu antzokia, eta horiek osatzera dator Dinamoa, “Kultur Mahaiak ardatz hartu zituelako sormena, transmisioa eta ikusgaitasuna. Erakustokiak baditugu, baita kultur programazioa ere, eta hainbat sormen beka jarri dira martxan, baina hauxe falta zen”. Izan ere, “gauzak gero eta azkarrago kontsumitzen diren garai honetan, sormen prozesuari gero eta denbora gutxiago eskaintzen zaio. Dena datorkigu abiadura handian, erabat prozesatuta. Guk kontrako eredua planteatu nahi dugu: behar beste denbora hartzea gauzak behar bezala egiteko, sormen prozesua elikatu egin behar baita etorkizunean sortzaile eta lan berriak egon daitezen”.
Lau eremutan ariko da Dinamoa: hitza, irudia, gorputza eta soinua. Eraikina halaxe dago egituratuta, esparru bakoitzean proiektu bat garatzeko moduan: hurrenez hurren, Hitzaren Eskola, Irudikaria (urrian, Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok irudi bidezko Badirudi narrazio tailerra eskainiko dute), Oholtzaberri (antzerki egoitzak eta tailerrak egiteko, dantza, zirkua…) eta Soinu Plataforma (aurrerago abiatuko da, datorren urteko udal aurrekontuetan jasotzea espero baitute). Horiek dira proiektuaren ardatzak, baina egongo dira norbanakoek ekarriko dituztenak ere; ondorioz, hainbat dinamika eta intentsitate maila aurreikusten dituzte: “Esaterako, norbaitek zerbait margotu nahi badu, bere proiektua aurkeztu ahal izango du: zer egin nahi duen, zer baliabide behar dituen, zenbat denborarako... Denbora, lekua eta bitartekoak eskainiko zaizkio”. Eta ordainetan? “Kasu bakoitzean begiratu beharko da zer eman dezakeen. Lana partekatzea izan daiteke modu bat, ikastetxeekin, adibidez; edo prozesua nola joan den erakusteko saiotxo bat antolatzea; teknikaren baten inguruko tailer txiki bat; beste egitasmo batzuekin lotuta zerbait egitea; hainbat ideia ekartzea... Hainbat formatu egongo dira, proiektu bakoitzari egokituak, jardun bakoitzak bere prozesuak eta egiteko moduak dituelako. Azken batean, kontua da pentsatzea nola eman zerbait herriari eta herritarrei, baita gunea erabiltzen ez dutenei ere. Hartu-eman horri esker, herriko kultur giroa biziberritu nahi dugu”.
Gunea bera tresna bat izango da, sormen lanerako lekua: “Sortzaile berriei, batez ere norbanakoei, eskaini nahi dizkiegu babesa, lanerako giro egokia, haiek bezala dagoen jendearekin egoteko aukera, baita elkarlanerakoa ere... Ez dugu nahi pertsona baten edo talde baten lokala izatea, baizik eta, aldi berean, denona eta inorena ez den tokia, denok zaindu eta denok erabiliko duguna, hartu eta emateko”.
Bidea poliki egitea da planteamendua, “ahalik eta ondoena zainduta eta mimatuta”. Zuhurtziaz diote ez dutela nahi Dinamoaren irekiera gauza txundigarria eta handia izatea: “Egitasmoak ahalmen handia dauka, baina gauzatu egin behar da. Sormen prozesuak, askotan, luzeak izaten dira, eta ezberdinak. Gainera, funtzionamendurako gauza asko finkatuta eduki arren, eraikinaren bizitzak berak, esperientziak, alegia, erakutsiko digu gauzak nola egin, espero ez ditugun kontuak agertuko baitira. Azken batean, Dinamoa Sormen Gunea bera ere sormen prozesu bat da”.
Finantzaketaren formula ere ez dago oraindik finkatuta: “Batetik, esperientzia berria delako, eta ez delako erraza udal batentzat ere. Bestetik, Kultur Mahaiaren filosofia beti izan delako autofinantzaketa jorratzea. Oraingoz, bakoitzak pixka bat ipinita abiatuko da (Kooperatibak, Udalak, dirulaguntza publikoren bat...). Beharra dagoela argi dago, ez da diru publiko nahikoa inbertitzen, baina ahal den moduan egin beharko dugu aurrera, orain arte bezala: egin nahi duguna erakutsiz, lekua irabaziz, gauzak lortuz... Hala ere, etsigarria da dirulaguntzak proiektu bakoitzerako eskatzen ibili behar izatea! Dinamoa osotasunean hartzeko egitasmoa da, ez genuke horrela ibili beharko”.
Hasteko, Hitzaren Eskola
Irailaren 11n abiatuko da “hitza ardatz duten adierazpide artistiko eta ez artistikoak lantzeko eskola”. Bide horretan, laguntzeko prest agertu dira, “irakasle moduan edo”, Jakin aldizkariaren zuzendari Lorea Agirre, Harkaitz Cano idazlea, Berria egunkariko zuzentzaile Irene Arrarats, Susa argitaletxeko editorea izandako Gorka Arrese, Miren Gaztañaga aktorea eta Igor Elortza bertsolaria. Denek dute zuzeneko lotura  hitzaren adierazpideren batekin, hitza dute lanabes, baina gehienak hitzarekin lotutako beste esperientzia batzuetan ere ibiliak dira. Orain arte, ez da sekula horrelakorik egin, baina Dinamoan gogotsu daude: “Ez gara konturatzen hitzak zenbateraino josten duen gure bizitza, zenbateraino erabiltzen dugun buruan bueltaka ditugun horiek ateratzeko, ahoz nahiz idatziz, nola egituratzen duen gure pentsamendua eta eguneroko bizimodua... Hitzak barnean har dezakeena ia infinitua da”. Guztira, sei hilabete iraungo du tailerrak, eta aiduru daude, ea zer ematen duen ariketa kolektibo honek.