Margoak astintzeko gunea

artgia

Artea Gasteizko Judimendi auzora ekartzeko asmoz zabaldu zuen Irantzu Lekuek (Gasteiz, 1987) ARTgia sorgune & aretoa. Ordutik, bi urte pasatu dira, eta 25 erakusketa baino gehiago antolatu ditu. Esti Lanao.

Dagoeneko bi urte joan dira Irantzu Lekue artistak ARTgia sorgune eta aretoa martxan jarri zuenetik. Gasteizko Judimendi auzoan dago lokala, eta urtebete egon ziren obretan gaur egungo txokoa sortu arte. Lekuek tokia eman nahi zion Gasteizen arteari, eta kulturgintzan eragiteko asmoa izan zuen hasieratik: “ARTgia erakusketak egiteko gune izateko jaio zen, baina baita espazio garbia izateko ere, non edozer gauza gerta zitekeen”.
Adin, ibilbide eta diziplina desberdinetako artistaz inguratuta dago tokia, eta lau ardatzetan oinarrituta egiten dute lan: euskara sustatzea; emakumearen lana ikusaraztea; gazteriarekin lan egitea eta babesa nahiz aukerak ematea sortzeko gune gisara; eta gizarte eraldaketarako tresna izatea. Bada, horiek oinarri, orain arte 25 erakusketa baino gehiago antolatu dituzte, baita beka moduko batzuk atera ere. Esate baterako, aurreko urtean, EmART deialdia egin zuten, Gasteizko emakume gazteen sorkuntza sustatzeko: “Gasteizko hiru emakume izan ziren irabazleak, eta, horri esker, beren lanak garatu ahal izan zituzten joan den urtean”. Horrez gain, artearekin zerikusia duten beste hainbat ekimen antolatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, mikroantzerkiak, jaialdiak edota dokumental baten aurkezpena. Horregatik, bi alderdi jorratzen dituztela dio Lekuek. Alde batetik, aretoaren barneko kontuez arduratzen dira; bestetik, auzoarekin harremanetan jartzeko beharra zegoela ikusirik, artea jendeari hurbiltzeko eta kolaborazioak sortzeko lan egiten dute. Hala, duela urtebete, Sugarfest jaio zen, hots, Judimendi auzoko kultur jaialdia.
Oraingoz, oso pozik daude proiektuak hartu duen bidearekin. Hasi zirenetik, proposamen pilo bat jaso dute, eta oraindik ere jasotzen ari dira. Gune aproposa da gasteiztar gazteek beren lanak erakutsi ahal izateko, baita dagoeneko ibilbidea duten pertsonentzat ere. Dena den, Gasteizen ez ezik, atzerrian ere egiten ari omen dira loturak edo harremanak. Esate baterako, Suediako ikasle bat Erasmus bekarekin etorri da, eta dagoeneko antolatu dute beste ekimen bat: Margotu, hitz egin eta denbora pasa. Horren bidez, margolaritzaren bidez sinergiak eragiteko gune bat sortu nahi dute.
Artista gasteiztar honentzat artea oinarrizkoa da bere bizitzan, hitz egiteko tresna bat: “Niretzat errazagoa da artelan baten bidez hitz egitea hitzak erabiltzea baino”. Azken finean, bere ustetan, adierazteko beste modu bat da, eta edozein pertsonarentzat izan daiteke interesgarria. Are gehiago elkarlanean arituz gero, bestelako ideiak aintzat hartzeko aukera ematen baitu: “Talde lanak asko aberasten du, pertsona ezberdinen ikuspuntua ezagutzeko aukera ematen duelako, eta niretzat aberasgarriagoa da”. Hain zuzen ere, urte amaierari begira, neguko arte azoka antolatuko dute, non 18 artista inguruk beren lanak erakutsi eta salgai jarriko dituzten. Zalantzarik gabe, aipatu sinergiak sortzeko gunea da. Egun bateko jardunaldiak ere antolatzen dituzte gazteekin, eta bertan beren lanak ezagutzera emateko eta kolaborazioren bat lortzeko parada izaten dute.
Lekuek argi du arte mugimendu handia dagoela Gasteizen, baina diziplina zehatzetara murrizten dela iruditzen zaio. Hau da, esaterako, argazki erakusketa bat antolatzen badute, normalean argazkilariak etorriko dira batez ere. Horrek diziplinen arteko pertsonak oso banatuta daudela erakusten du. Lekueren ustez, diziplinen artean ez dago hainbesteko harremanik, eta lan handia dago egiteko arlo horretan.
ARTgia sorgunearen filosofiak beste ezaugarri nabarmen bat du: genero ikuspuntua. Gizarte eraldaketarako tresna den horretan, Lekuerentzat ezinbestekoa da emakumeen lanak sustatzea. Izan ere, emakumeek beti izan dituzte zailtasunak edozein esparrutan, eta artearen munduan are gehiago. Horregatik, emakumeen lanak islatzeko sortu zuten aretoa, eta horretan ari dira lanean. Halere, lanak erakusteaz harago, publikoa egoeraz jabetzea eta hausnartzea da Lekueren xedea. Konponbiderik ez bada aurkitzen, pertsonek egin dezatela gaiaren gaineko gogoeta, behintzat. Hain zuzen, horixe bilatzen du artista gasteiztarrak bere lanetan: jendearen burua astintzea. Bera ere hausnarketa une batean dago. Katalunian izan da duela gutxi, eta itzulitakoan zenbait zalantza sortu zaizkio, berrikuntzak gogoan.
Bitartean, buru-belarri dabil ARTgia aretoan eta bestelako lanetan. Horren adibide dira Gasteizen margotutako horma-irudiak. Obra horrek ere sortu dio buruko min bat baino gehiago; izan ere, duela hilabete batzuk, tirabirak izan zituen Gasteiz hiribideko horma baten kontura. Horma-irudi bat margotu nahi zuen bertan, baina azkenean bertan behera utzi behar izan zuen. Lekuerentzat esperientzia txarra izan zen, gogorra, baina ondo daki kalean egiten dituen gauzek beti dutela kritikatuak izateko aukera gehiago, eta hori ez dela izango lan egiteari uzteko arrazoi nahikoa.