Izena eta izana

erribera

Hau ez da Manhattan, ezta Zorrotzaurre ere; Erribera bizirik! lema baliatu dute auzotarrek beren ahotsa entzunarazteko. 400 bizilagun inguru baino ez dira hirigintza eraldaketa proiektu erraldoi baten aurrean. Erresistentzia ñimiñoa Bilbon, baina ez horregatik ezgauza. Auzoaren orainaz eta geroaz mintzo dira, kezkatuta, “pribatizazioa” eta “gentrifikazioa” ahotan. Maider del Olmo.

Deustuko Erribera ez dute saltzeko. Harro daude auzoaz, “Bilboko Udalaren urteetako utzikeriaz eta isolamenduaz harago, leku bizia baita” dio Nerea Etxaniz auzo elkarteko kideak. Haren hitzetan, “auzo izaten segitu nahi dugu. Leku honek badu bizitzeko erritmo jakina, eta harreman modu bereziak ere bai. Bizimodu hori babestu nahi dugu”. Horren lekuko, ekainean Bizinahi auzo gunean egindako jardunaldiak eta jaiak. Bestalde, “Erribera” izena aldarrikatzen dute, eta ez “Zorrotzaurre”. Kartelak ipini dituzte hainbat tokitan, izena berreskuratu nahian.
Bilboko Udalak 2004. urtean aurkeztu zuen hirigintza eraldaketarako Master Plan egitasmoa, 1995eko Hiri Antolamendurako Plan Nagusian oinarritua. Zorrotzaurre proiektua delakoan, batez ere etxebizitzak eta unibertsitateak aurreikusten dituzte urrian irla bilakatu zuten eremu barruan, 840.000 metro koadroko azaleran, hain zuzen. Ia urtebete igaro da Deustuko kanala, industrializazioaren ikurra, zabaldu zutela. Juan Mari Aburto alkateak “Bilboko Manhattan” gisa aurkeztu zuen lekua; horrek  auzokideen haserrea eragin zuen, eta “erakusleiho” bat saldu nahi zuela aurpegiratu zioten alkateari.
Aburtok honela definitu du egitasmoa: “Ezagutzaren irla, ekonomia digital berriaren kokaleku, jende gazteari lana emango diona, talentua bertan gelditzea eragingo duena eta Bilboren erakargarritasuna areagotuko duena”. Kexu dira, ordea, Nerea, Iraide eta Jose, auzo elkarteko eta Erribera Bizirik plataformako kideak, “erakargarritasun” horrek bizilagunen beharrak asetzen ez dituela iritzita.
Auzokideek sustatzaile pribatuei lehentasuna eman izana egozten diote Udalari. Halaber, “gentrifikazioa” aipatu dute: “Oraingoz, lortu dugu gure etxeei eustea, hasiera batean bota egin nahi baitzituzten. Beste kontu bat izango da bizimodu bera egiten jarraitu ahal izango dugun”. Zaila izango da, badakite: orain, 400 bat biztanle dira; aurreikuspenak betez gero, baina, 10.000 baino gehiago izango dira. “Gurea erresistentzia modu bat da, eta hementxe jarraituko dugu” esan du Nerea Etxanizek.
Alta, aldaketak sakonagoak izango dira, eta zuzeneko eragina izango dute bai herritarrengan bai herrialdearen etorkizunean; izan ere, “Zorrotzaurre proiektuak” Bilbo eta Bizkaia izenak munduan zabaltzeko erakundeen asmoari erantzuten dio, turismoa eta ekitaldi handiak antolatzeko azken urteotako joera ahaztu gabe (MTV jaialdia, Errugbiko Champions Cup eta Challenge Cup txapelketetako finalak…).
Edozelan, etorkizunak ez ezik, orainak ere arduratuta ditu auzotarrak. Lanak direla eta, hesiz inguratuta dute auzoa, eta uholdeak izateko arriskua areagotu egin da kanala zabaldu zutenetik. Orobat, segurtasunik eza handiagoa da orain: “Alegazio batzuk aurkeztu genituen, eta hainbat kontu onartu egin dizkigute; adibidez, hesiak ez izatea hain altuak. Hasieran, kartzela batean geundela zirudien” adierazi du Josek, jakitun lortutakoa, hein batean, apurrak baino ez direla, egunerokoa samurtzen badie ere: “Orain, lanek iraun bitartean, ezin dela gauza handirik egin erantzuten digute. Halaxe ari dira gure eskaerei erantzuten. Guk “bitartean” garaia esaten diogu, ez digutelako jaramonik egiten, baina gu hementxe bizi gara”.
Horrez gain, Udalaren utzikeria salatu dute, hainbat eraikin erortzen utzi duelako, ondare historikoa eta industriala zaindu gabe. Hori gutxi balitz bezala, alferrikako lanak egin nahi izatea leporatu diote, hala nola petril altuagoa eraikitzeko asmoa: “Auzoaren ikurretako bat da petrila, jende asko bertan eserita egon ohi da lasai asko”. Gainera, hainbat tokitatik itsasadarra ikustea eragotziko luke.
Azken hilotan garabiek behera bota dituzten eraikinen lekuan, belarra hazten ari da orain,  bizkor: “Kontuan hartu lurzoruaren azpian ura dagoela. Horregatik da leku ona berdeguneetarako”. Hori esan bitartean, baina, plataformako Jose kideak ez dio inguruan behatzeari utzi. Garabia lekuz aldatzen ari da palmondo bat: “Ikusiko dugu bizirik irauten duen!”.

“Eliteen zerbitzura dagoen unibertsitate hiria”

“Zorrotzaurre proiektu pribatizatzailearen aurkako adierazpena” aurkeztu zuten, joan den udaberrian, hainbat eragilek, tartean STEE-EILAS sindikatuak: “Deustuko Erriberako higiezinen proiektuak diru publikoarekin sustatu dira, bai ekonomikoki bai azpiegitura, lursail, eraikuntza, zerga salbuespen eta birkalifikatze aldetik ere, nahiz eta proiektu pribatuak izan: DigiPen, Kunsthal, Nafarroako Unibertsitatea (Opus Dei), Deustuko Unibertsitatea, IMQ, Mondragon Unibertsitatea (Mondragon Corporation). Bitartean, proiektu publikoak atzeratzen ari dira, EHUko Medikuntza Fakultate berria, kasu”.
Sindikatuaren ustez, Bilboko Udalak “Guggenheim efektua” eragin nahi du eremu akademikoan: “Harvard efektua”, hezkuntzaren eta unibertsitatearen negozioa.