“Gal liteke bidean pilotari gazte izarren bat, pazientzia ezagatik”

irujo

Juan Martinez de Irujo

Pilota jokoa ezagutzen duenarentzat ez du aurkezpen beharrik. Juan Martinez de Irujo (Ibero, 1981) hiru txapelketa nagusiak urte berean bi aldiz irabazi dituen pilotari bakarra da. Txapel kopuruan, berriz, hirugarrena, Retegi II.aren eta Aimar Olaizolaren atzetik. 2016ko binakako finala izan zen jokatu zuen azken partida ofiziala, Rezustarekin batera, baina erretiratu egin behar izan zuen, atzamarra hautsi zuelako. Handik gutxira aurkitu zioten kirol lehia uztera behartu zuen bihotzeko gaitza. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zenbat aldiz galdetu diozu zeure buruari noraino iritsiko zen zure palmaresa gaixotasuna agertu ez balitz?
Nik neuk ez dut inoiz horretan pentsatu. Gertatu zenaren ondoren, txapel gehiago irabaztea ez zitzaidan batere axola. Jokatu ezinak izorratu ninduen: kirolari profesionala nintzen eta, egun batetik bestera, dena utzi behar izan nuen. Jendeak esan izan dit txapel gehiago irabaziko nituela, baina auskalo! Ez dago jakiterik. Saiatuko nintzen lortzen, jakina, neure burua gai ikusten nuen, baina hori alde batera geratu zen.
Bi urte igaro dira ofizialki erretiratu zinenetik. Ohitu zara bizimodu berrira?
Bai, agurra iragarri eta omenaldia jaso nuenetik, lasaitasuna irabazi genuen, neuk eta inguruko guztiek, eta oso ondo nago.
Jendearen erantzuna izugarria izan zen...
Zorigaitz bategatik erretiratu behar izan nuen, eta horrek jendea gehiago hunkitu zuen. Pena handiagoa ematen nuen, kar-kar! Halere, izugarri harritu ninduten omenaldiko giroak eta aurreko egunetan mundu guztiak eman zizkidan animoek. Orain ere, egunero ikusten dut jendea ez dela nitaz ahaztu, maitasun adierazpen ugari jasotzen jarraitzen dut. Hori da pilotari izateak eman didan gauzarik handiena.
Pilotazaleentzat ere oso tupustekoa izan zen...
Une hartan, nik ez nuen jendearengan pentsatzen, gero etorri da hori. Niretzat pilota pasioa da. Zortea izan dut, jokatu ahal izan dudalako, txapelak irabazi ditudalako eta hortik bizi izan naizelako. Baina oraindik odola berotzen hasten zait jendea edozein frontoitan jokatzen ikustean, eta ezin parte hartu... ElkarPilota eskolan ere, tarteka jokatzen dut mutikoekin, baina beti esku balaztari eutsita.
Duela bost urte ireki zenuen ElkarPilota prestakuntza zentroa Fernando Goñi, Eugi eta Martinez de Eulaterekin batera. Zergatik?
Pilota profesionala hor dago, baina oinarrian hutsunea antzematen genuen, pilotari kopuruan batez ere. Kalitatea lantzeko, kopurua behar da... Ikusi genuen zerbait egin genezakeela eta, laurok pilotari erreferenteak eta txapeldunak izanik, jende pixka bat gehiago erakar genezakeela. Monitore titulua atera genuen, eta pozik gaude, baina babesleei eskertu behar diegu lortutakoa. Bestela, eskola ez zen posible izango.
Zure belaunaldian, pilotari nafarrak ziren nagusi, baina nagusitasun hori galdu egin da. Beste leku batzuetan hobeto landu da harrobia?
Boladak dira. Orain, gipuzkoarrak dabiltza goian, baina beti izaten da nafarren bat ere, lehengo nagusitasunarekin izan ez arren. Hemen badaude gazte oso onak, baina pentsatzen dut denean egongo direla. Lehen pilota eskoletan aritzen ziren irakasleek sekulako meritua zuten, bakoitzak agian 40 mutiko prestatzen zituelako, eta hori sekulako iskanbila da. Beharbada, bere garaian, Gipuzkoan hemen baino hobeto landuko zituzten taktika eta teknika...
Zu ere 6 urterekin eraman zintuzten Oberenara. Nahitaezkoa da eskolara joatea pilotari profesionala izateko?
Pilotari eskolara joan behar da entrenatzen zaituztelako, lehiatzen irakasten dizutelako eta aurkarien kontra jokatzen duzulako. Halere, pilotari izateko, nire ustez, garrantzitsuena da pilota beti eramatea poltsikoan, eta pareta bat edo frontoi bat ikusi bezain laster, jokatzea. Bestela, aste barruan ordu eta erdiko bi teknifikazio saio eginda eta asteburuan partida bat jokatuta, besterik ez, ez zara iritsiko pilotari izatera. Ordu asko sartu behar dira, lagunekin edo tokatzen denarekin. Guk txikitan, Iberon, eguna pilotan ematen genuen, frontoia besterik ez geneukan jolaserako.
Zer egiten duzue, zehazki, ElkarPilota zentroan?
Guk jaso genuen prestakuntzaren bestelakoa jorratzen dugu, eta kalitateari ematen diogu garrantzia. Gehienez bost umeko taldeak osatzen ditugu, bakoitzaren gainean egon ahal izateko: jarrerak zuzendu, pilota jotzeko teknika hobetu, denok hartzen ditugun bizioak kendu... Udako campusak ere egiten ditugu, ate irekiak, txapelketa antolatzen dugu, gizarte lana babesgabeko taldeekin... Denetik, baina betiere pilotarekin lotuta.
Badago neskarik?
Bai, iaz antolatu genuen lehen aldiz neskato txikien txapelketa. Aurten, senior mailan, emakumezkoen txapelketa egin dugu gizonezkoenaren ordez, eta campusean ere badaude. Beste alaitasun bat ekartzen dute, mutilak lehiakorragoak baitira, beti irabazi nahian. Giro atsegina sortzen dute, eta mutilek bezainbesteko zaletasuna dute, edo handiagoa. Horretan jarraitu behar dugu.
Eta zure alabak?
Orain hasi dira arreta jartzen. Txikiak ia ez nau jokatzen ikusi, baina zaharra asko joaten zen frontoira, eta kalean denek esaten zioten zerbait. Uste dut nazkatu egin zela. Hori bai, udan hondartzan palatan baino ez du ibili nahi, eta ni beti prest! Ea harra sartzen zaien... Nahiko nuke alabak pilotariak izatea, izugarri gustatuko litzaidake! Baina ez diet ezer esaten, egin dezatela kirola, nahi dutena.
Emakumeen pilotak jauzi handia egin du azkenaldian...
Bai, baina kostatu zaio, alajaina! Gure amak jokatzen zuen umetan, mutilekin. Orduan, mundu guztiak jokatzen zuen, baina orduko mentalitatearekin emakume bat kantxan ikustea... Bazeuden erraketistak, baina hala moduz haiek ere. Zoragarria iruditzen zait oraingoa: zenbat eta jende gehiagok jokatu pilotan, gizonezko zein emakumezko, orduan eta hobeto.
Gordeta al dituzu zure kirol ibilbideari buruzko egunkari ebakinak, grabazioak...?
Iberon, gurasoen etxean, bai. Aitak gordetzen zituen, nik ez. Izan ere, ez zait gustatzen argazkiak-eta ikustea. Telebistan emandako partidak, berriz, grabatu eta askotan ikusten nituen hasieran, baina gero bat ere ez.
Perspektibaz begiratuta, nolakoa esango zenuke izan zela Martinez de Irujo pilotaria?
Pilotari ausarta, indarra bi besoetan zuena.
Hobetu nahiko zenukeen zerbait geratu al zitzaizun lortu gabe?
Jokin Etxanizekin entrenatzeko zoria izan nuen, baina entrenamenduari puntua harrapatu zionerako nik 28-29 urte nituen. Gustatuko zitzaidan Etxaniz orain den entrenatzailea 10 urte lehenago ezagutu izana, 18-19 urte nituenean. Seguru askoz gehiago hobetuko nuela.
Zer iruditzen zaizu txapelketetan pilotariek botilerorik gabe jokatzea?
Enpresek dena eduki nahi dute kontrolpean, betoa ezarri nahi diote haietatik kanpoko edonori, modernizatzearen aitzakian, baina gaur egun kirolariek gero eta jende gehiago dute inguruan: psikologoa, entrenatzailea, nutrizionista... Berritzea ondo dago, baina tradizioari ere eutsi behar zaio. Oso gaizki iruditzen zait, pilotaren ezaugarri polit bat galtzea dakarrelako. Niretzat botilerorik gabe jokatzea aspergarria da, eta bakarrik sentitzen zara. Mundu guztiak azpimarratzen du pilotariaren bakardade hori, baita partidak telebistan ikusten dituztenek ere. Duela urte batzuk, botileroak jarri zituzten binakako txapelketan, gero denetan kendu... Enpresek jakingo dute zertan ari diren.
Zure belaunaldia erretiratzen ari da, pare bat baino ez da geratzen...
Bizitzaren legea! Halere, ez da hori bakarrik. Gaur egun, merkatuak etengabe eskatzen ditu aurpegi berriak, eta berehala erabakitzen da, gazte batek emaitza azkarrak lortzen ez baditu, etxera bidaltzea. Hori kaltegarria da pilotari gazteentzat, gehiago kostatuko zaielako ikastea frontoian egoten dakiten beteranoen aurka jokatu gabe.
Azkarregi pasatzen dira profesionaletara?
Halaxe dago merkatua! Aurpegi berriak nahi dituzte, jokalari paregabeak. Horrela, ordea, agian geratuko zen izarren bat bidean, hari urteak eskaintzeko pazientziarik izan ez delako. 23-24 urteko mutilak botatzen ari dira, baten bat 21ekin ere bai! Baina batek 19 urterekin egiten badu debuta, etorkizuna duelakoan, 21ekin ere edukiko du etorkizuna, ezta? Nik debutatu nuenean, Zezeagaren eta Elkororen aurka jokatzen nuen. Halakoek 40 urte bete arte jokatzen zuten, bazekiten frontoian egoten, ez zuten ia pilotarik oparitzen, eskarmentua zuten eta aholkuak ematen zizkizuten. Gaur egun, jokalari aparta izan ezean, pilotalekuan ez zara helduko 40 urtera.
Pilota jokoa irauli egin zenuen. Ikusten duzu egungo pilotarien artean iraultzaileren bat?
Jokin Altunak dibertitzen nau asko, hark egiten ditu gauza arraro gehien; duda barik, artista da frontoian. Dena den, pilota jokoak eboluzionatuko du oraindik ere, beste kirol guztiak bezala. Gero eta azkarrago jokatzen da, ia boterik gabe. Ikusiko dugu zer gertatzen den etorkizunean.

KOLKOTIK

Futbol talde bat?
Bi: Real Sociedad eta Osasuna.
Zer da zuretzat pilotalekua?
Nire bigarren etxea.
Eta zein da onena?
Labrit. Sei urte nituenetik nabil bertan, eta etxetik hurbilen dagoena da.
Umetan, zein zen zure pilotari kutuna?
Retegi II.a, irabazten zuelako. Eta Titin ere bai,jokatzeko eragatik.
Pilota ez den kirol bat?
Denak gustatzen zaizkit. Pilota valentziarra dezente jarraitzen dut; ahal dudanean, partidak ikustera joaten naiz.
Irabazitako 13 txapeletatik, zein maite duzu gehien?
Hamalaugarrena, kar-kar! 2006ko lau eta erdikoa, agian, aita botilero nuela irabazitakoa.
Non dauzkazu?
Batzuk Iberon, aitaren eta osabaren txapelekin batera. Beste batzuk oraingo etxean... Irabazi nituenean bizi nintzen lekuan daude.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Hondartzara joan, Mediterraneora.
Zerk ematen dizu beldurra?
Ingurukoak edo neu larri gaixotzeak.
Eta amorrua?
Beti eman izan dit amorrua hipokrisiak.
Zerk eragiten dizu barre?
Edozerk, erraz ateratzen zait irribarrea.
Zerk ematen dizu lotsa?
Denak, oso lotsatia naiz! Horregatik ez dut euskaraz hitz egiten...
Euskaltegian ibili zinen, bada...
Bai, baina hiru urte pasatuta, ez nuen adorerik lortu hitz egiteko, eta utzi egin nuen. Asti falta ere izan zen, entrenamenduak garai hartan gero eta gogorragoak zirelako.
Ikusiko zaitugu berriro euskaltegian?
Nagia ematen dit... Gainera, lehen denbora gutxi neukan, eta orain, alabekin, are gutxiago. 
Biharko egunkarian ikusi nahiko zenukeen berria?
Ez dago pobreziarik munduan.
Zer moduz konpontzen zara sukaldean?
Ez naiz sukaldari ona, baina konpontzen naiz. Ia egunero prestatzen dut bazkaria etxekoentzat.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Urdaiazpikoa.
Zerk alaitzen dizu eguna?
Familiarekin pozik gosaltzea modu ona da eguna ongi hasteko.
Nola ikusten duzu zure burua 20 urte barru?
Ile gutxiagorekin eta makurtzen hasia, kar-kar! Espero dut aktibo jarraitzea, kirol pixka bat eginez.
Pilotaria izan ez bazina...
Profesionala izan ez arren, pilotan jokatuko nukeen, hori seguru. Eta Iberoko lantegiren batean egingo nuen lan, mundu guztiak bezala.
Bi hitzetan, nolakoa da Juan?
Lagunen laguna.