67. Zinemaldia, abiatzeko pronto

blackbird

Roger Michellen Blackbird filmaren estreinaldiak emango dio hasiera Donostiako 67. Zinemaldiari. Irailaren 20tik 28ra, 17 lan lehiatuko dira Sail Ofizialean Urrezko Maskorra eskuratzeko, eta aipatu lana izango da aurrenekoa. Horrez gain, Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako La trinchera infinita filma izango da sail horretan; oraingoan, gaztelaniazko pelikula dakarte Moriartiko kideek. Euskal ekoizpen mordoxka ikusi ahal izango da Zinemaldiaren sail ugarietan, hala film luzeak nola laburrak. Gehienak Zinemira sailean, Zinemaldiak euskal zinemari eskaintzen dion atalean. Sail horren barruan, 10 lan lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko tartean Asier Altunaren eta Telmo Esnalen Agur Etxebeste!, 2005ean estreinatutako Aupa Etxebeste! gogoratuaren jarraipena. Zinemaldian aurkeztu ondoren, irailaren 27an ikusi ahal izango da zinema aretoetan. Euskarazko lanen eskaintza ia 50 filmekoa izango da. Euskaraz filmaturiko ekoizpenez gain, euskarara bikoiztutako eta euskarazko azpitituluak dituzten lanak ere izango dira hainbat sailetan: Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, New Directors, Culinary Zinema...


ZALDI URDINA izena du Artedrama, Axut! eta Dejabu Panpin Laborategia taldeek elkarlanean sortu duten lanak. 80ko hamarraldian heroinak, “zaldi zuriak”, Euskal Herrian eragindako triskantzak, haren hedapenaren zergatiak eta ondorioak gogoan, drogaren presentziaren eta erabileraren ertz ugariei heldu die antzezlanak. Hala, Zaldi Urdina izeneko droga berriak gazte bati eragindako kalteak abiapuntu, gazteriaren amets eta ondoezak, trafikatzaileen interesak, poliziaren konplizitatea eta beste jorratuko ditu antzezlanak. Unai Iturriagarekin eta Igor Elortzarekin idatzia, Ximun Fuchsek zuzendu du. Aktore lanetan, berriz, Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide ariko dira. Lana urriaren 11n aurkeztuko dute, Luhuson. Hegoaldean, ostera, Donostian ikusi ahal izango da estreinakoz, hilaren 23tik 27ra. Ondoren, Euskal Herriko herri ugaritan ikusi ahal izango da. Horien berri jakiteko, www.artedrama.com webgunera jo daiteke. Antzezlanarekin batera, gainera, gaiari buruzko lanketak ere bideratuko dituzte, hainbat modutan: webgune berezitua, hitzaldiak...

LABURREAN

MIREN GORROTXATEGI idazlearen 33 ezkil eleberria izango du oinarri Imanol Rayo zuzendariaren hurrengo filmak. Hil kanpaiak izango du izena, eta Eneko Sagardoi, Itziar Ituño eta Yon Gonzalez izango ditu aktore nagusi. Irailean hasiko dituzte filmatze lanak, eta, Gorrotxategik Uztarria.eus hedabideari azaldu dionez, liburuaren moldaketa librea izango da.

zirkuituaHIRIKO AUZOETAN antzerkiaz gozatzeko aukera eskainiko du, irailetik azaroaren amaiera bitarte, Bilboko Zirkuituak. Bilboko Udalak antolatua, guztira hamahiru talderen lanak eskainiko dituzte zortzi auzotan. Lan guztiak gaztelaniaz izango dira, bat izan ezik: Amatxik dixit, Goitibera Antzerkia taldeak irailaren 27an Castaños Udaltegian eskainiko duena. Egitarau zehatza kulturabarrutik.eus webgunean dago ikusgai.

zineklubaZINEKLUBEN egoera eta etorkizuna, bai eta zinekluben arteko elkarlana ere, landuko dituzte Donostiako Tabakaleran, irailaren 14an, Kresala Zineklubak antolatutako Zinekluben Topaketan. Egun osoko jardunaldian, Donostiako Kresalaz gain, Bilboko FAS, Azkoitiko Matadeixe Zinetogram eta Iruñeko Lehen saioa zineklubek parte hartuko dute.