Bingen Mendizabal

bingenHiru disko hauek aukeratu ditut, oso lan interesgarriak iruditzen zaizkidalako beren osotasunean. Benetan gomendatzen dizuet entzutea.
Veneno, 1977 (Veneno)
Kiko Venenok eta gero Pata Negra taldea osatuko zuten Raimundo eta Rafael Amador anaiek elkarrekin egindako lehen diskoa oso berritzailea izan zen, ezinbestekoa flamenko berria ulertzeko. Rocka eta flamenkoa nahasita, alaitasun handiz grabatutako lan surrealista da.
Bursting Out, 1978 (Jethro Tull)
Zuzenekoen artean, disko hau gustatzen zait gehien. Estilo ugari primeran nahasten dituen taldea da hau: heavy metala, Erdi Aroko musika, folka, bluesa... baita musika klasikoa ere. Horrez gain, beti abesten eta jotzen dute oso ondo.
Hertzainak, 1984 (Hertzainak)
Mugarria izan zen disko hau, bide asko ireki baitzizkien ska, reggae, folk, rock... estiloei. Abesti guztiak oso landuak dira, eta, diskoaren egitura nahiko konplikatua izan arren, jende askok oso ondo hartu zuen. Osotasunean nabarmentzeko lana da, diskoaren azaletik azken abestiraino.