‘Zabaldu ateak’, Urtz taldearen azken lana

belarrion

Urtz taldearen zortzigarren diskoa da Zabaldu ateak izenekoa. Bertan, sustraiei uko egin gabe, bide berritzaileetan murgildu da Xabier Camarerok, Ander Hurtado de Saratxok, Dani Vicentek eta Jorge Sanchezek osatutako taldea. Hala, azken lanak taldearen berezko izaerari eutsi dion eta oinarrian rock estiloa nabari duen arren, baditu ñabardura berriak musikaren esparruan, sonoritate berritzaileak sartu baitituzte, taldekide berrien eta soinu teknikarien ekarpenei esker. Hitzei dagokienez, gehienak iradokizunaren eremuan mugitzen dira, eta komeni da lerro artean irakurtzea, interpretaziorako hainbat aukera eskaintzen dutelako, baina diskoari izenburua ematen dion kantuak zuzenean salatzen du Mendebaldeak migratzaileekin duen jarrera. Aurreko lanekin konparatuta, ordea, hitzek kutsu itxaropentsuagoa dute. Balada bati ere egin diote lekua, Argia, zeinetan Pello Ramirezek txeloa joz kolaboratu duen. Diskoaren grabazioan, berriz, Alex Sarduiren laguntza izan dute.


bekaSORMEN BEKA DA jarri dute abian, bigarren urtez, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak. Iaz literatura bezala, aurten edozein generotako musika izango du oinarri, deialdi bakoitza diziplina bati egokituko baitzaio aurrerantzean. Egitasmoaren helburua da euskarazko sorkuntza sustatzea eta, sortzaile berriei  bidea erraztuz, beren lana ezagutzera ematea. Hortaz, proiektu irabazleak 15.000 € jasoko ditu sorkuntza eta plazaratze prozesuan laguntzeko. Hamazortzi urtetik gorako sortzaile berrientzat (lan bakarra izan dezakete kaleratuta, CD, maketa edo online formatuan) da deialdia, eta bakarka zein taldeka aurkez daitezke. Lan irabazlearen berri 54. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da.

galerakGALERAK
Alex Tello
Gaztelupeko Hotsak, 2019

Duela 12 urte hil zen Oihana Alkorta auto istripuz. Disko honen abiapuntua hark Alex Tellori emandako poema da: segida ematea proposatu zion, berriak sortuz. Halaxe egin zuen Tellok hurrengo urteetan, eta, 2015ean, testu haiek musikatzea erabaki zuen, bi pianista gazterekin: Ignacio Arakistain eta Lucia Arzallus. Grabaziorako, musikari eta abeslari ugari gonbidatu dituzte: Aitor Gorosabel, Labrit Zabala, Jon Gurrutxaga, Xabi San Sebastian... Xabier Sagasta marrazkilariak osatu du diskoa (10 kantu) eta DVDa (aurkezpen emanaldia) biltzen dituen diseinua.

larraLARRA BIDEAK
Iñaki Larrayoz
Autoekoizpena, 2019

Nafarraren bakarkako lehen proiektua ez da kontzeptuala, baina 2015 eta 2017 artean Frantzian egindako egonaldiko bizipenak ditu oinarri. Jauzi baten kronika izoztua biltzen du zazpi abestiko lanak, zerurantz hegaldatzearen eta berriz lurrera erortzearen arteko puntuan kokatu baitu sortzaileak bere musika: pop, folk eta blues uztartze intimistaren bidez egin du zalantzaz eta esperantzaz betetako mementoaren erretratu musikala. Larrayozek berak grabatu ditu musika tresna guztiak, Argibel Euba bateria jotzaileak lagundu dion lau abestietan izan ezik.