Ibilbide oso baten uzta

gertuGertu ala urrun
30% 
Artza Records, 2019.

Gipuzkoako hardcorezaleek, adin batetik gorakoek behintzat, ondo gogoan izango dute 30% taldearen maketa hura, 1996an plazaratua. Taldea 1994an sortu zen Andoainen, eta bertan (batez ere, gaztetxearen inguruan) gorpuztu zen, hardcore mugimenduaren tradizioan, Bap!, Karkaxa, Gaizkiñe eta beste talde gogoangarri asko utzi dizkigun tradizio horretan, alegia (orain badirudi Zarautzek hartu duela lekuko hori, baina, tira, ez gara hasiko herrien arteko norgehiagoka antzuetan). Duela gutxi, taldeak CD bat argitaratu du, 2019ko apirilean grabatua, eta badirudi bere uzta osoa, edo esanguratsuena behintzat, bildu nahi izan duela lan honetan, zaleen gozagarri. Duela hogei urte baino gehiago kaleratutako maketa hartako abesti asko agertzen dira diskoan, berriro grabaturik eta soinu hobearekin, bai eta ezagutzen ez genizkien beste zenbait kantu ere. Hamazortzi abesti, den-denak eskola zaharreko hardcore ildokoak, hogei urtean haien amorrua apaldu ez dela erakusten dutenak.
Gotzon Hermosilla