Bi euskara ikasle Zubizarretaren azken nobelako protagonista

zubizarreta

Julien Vinsonen hegaldia (Alberdania) eleberrian, aro eta giro ezberdinetako bi euskara ikasle lotu ditu Patxi Zubizarretak: Julien Vinson hizkuntzalari frantziarra (1843-1926) eta Chiara, 2015ean Boloniako Unibertsitateko Lingua e cultura basca sailean euskara ikasten hasi eta hiru urtera Euskal Herrira etorriko dena, Julien Vinson euskalariari buruzko lan bat egitera. Idazle ordiziarra, fikziozko Chiara pertsonaiaz baliatu da euskararen heriotzaren iragarle Julien Vinson heterodoxo, gorri eta darwinistaren berri emateko. Saturno aerostatoan, Baionatik abiatu zen Vinson 1875eko martxoaren 29an globo hegaldia egiteko asmoz, baina ekaitzaren eraginez, ibilaldiak Iruñea ondoan, Zizurren, izan zuen bukaera, hain zuzen ere karlistek hiriburua  setiatua zuten garai nahasian. Chiarari hizkuntzak bizipoza ematen dion moduan, hau bizipozetik idatzitako nobela dela adierazi du Patxi Zubizarreta idazleak.


sarasolaBEÑAT SARASOLA olerkari eta literatur kritikariak lehen eleberria kaleratu du: Deklaratzekorik ez (Susa). Bere buruarekin eta inguruarekin bakean bizitzea lortzen ez duen protagonistaren bitartez (gaztetan militante politiko inplikatua izanak 90eko hamarraldiko mundu gatazkatsu harekiko destaina azaltzen du orain), egungo euskal jendartearen erretratua eskaini du donostiarrak. Hala ere, gatazka bera ez da gaia, testuingurua baizik, nobelak gehiago lantzen dituelako pertsonaien arteko harremanak: lagunarte zaila, amodiozko harreman konplikatua, protagonistak aita gaixoarekin duen harremana... Haatik, Sarasolak azaldu duenez, historiaren belztasunaren erdian badago arnasbiderik, eta irribarrea ere aurki dezake irakurleak une zehatzetan.

moioMOIO. GORDETZEA EZINEZKOA ZEN
Kattalin Miner
Elkar, 2019

Suizidioa eta transexualitatea, tabu bi, lotu ziren Aimar Elosegi Ansa Moio, Kattalin Minerren lagun mina, hil zenean. Urteak joanda, ordea, ez ote da maila intimora igaro dimentsio publiko eta politikoa lortu zituen kasua? Hainbat lagun elkarrizketatu ditu idazleak: Moioren kuadrillakoak, haren anaia, Medeak taldeko feministak, omenaldian kantatu zuen Maialen Lujanbio, Moioren azken gutuna argitaratu zuen Iratxe Retolaza, Brayan Altimas trans gaztea...

bihotzaBIHOTZA NORA, ZU HARA
Susanna Tamaro
Itzulpena: Fernando Rey
Igela, 2019

Amona Olgak biloba nerabeari idatziriko gutun luzea da eleberri hau. Jakinik ez duela luzaroan iraungo, etxetik urrundu berria den neskatoari zenbait gertaera argitu nahi dizkio, bien arteko gaizki-ulertuak eta harremanaren nondik norakoak hobeto ulertzen lagunduko diotelakoan. Hiru belaunalditako emakumeak agertuko dira nobela honetan: amona, 1911n jaioa; Ilaria, nerabearen ama, 1945 ostean jaioa; eta biloba, 1970 inguruan jaioa.