Hariak

hariakYoseba Peña
Susa, 2018

Fikzioa den arren (zaila da asmatzea non amaitzen den fikzioa eta non hasten errealitatea), memoria ariketa bat egin du Yoseba Peñak, hain beharrezkoak zaizkigun garaiotan, Euskal Herriko azken 50 urteko barne historia baten bidez. Azken batean, eleberrian kontatzen direnak idazlearen familiari, neureari edota zeureari, irakurle, gertatu ahal zitzaizkion. Zarautzen eta Sodupen dago kokatua, baina izan zitekeen Azpeitian eta Bilbon, edota Mungian eta Gasteizen.
Hiru emakume dira haria: Irene; Ireneren ahizparen alaba, Xexili; eta Xexiliren alaba, Olatz. Hiru ataletan dago banatuta, beraz, kontakizuna, emakume bakoitzaren izenburupean, hain zuen ere. Jakizu, baina, irakurle, azkenak, Olatz atalak, hartzen duela luzeraren ia erdia. Edozelan, hiru emakumeren istorioa baino askoz gehiago kontatzen du Peñak 343 orrialdeko eleberrian. Pertsonaiez eta gertakizunez beteriko kontakizuna dakarkigu idazleak, kolorez beterik zentzu horretan, baina gris tonuez blai ikuspegi ideologikotik.
Horren haritik (hariei buruz ari garela), ohar bat, amaitzeko: iraganak orainaldia interpretatzen laguntzen duen bezala, liburuari dagokionez, azken atalak laguntzen du aurreko biak ulertzen eta, hortaz, istorioaz eta pertsonaiez hobeto jabetzen. Hala ere, ez dago zertan elkarren segidan irakurri, nahiz eta zentzuzkoena hori izan.
Igor Elordui Etxebarria