Gailuak ere, euskaltegira

Astiro-astiro, baina etengabe, aldatzen ari da makinekin komunikatzeko dugun modua. Gailu bati agindu bat emateko edo haren bidez informazioa jasotzeko, botoiak, pantailak, teklatuak eta kurtsoreak erabiltzen ditugu, nagusiki. Sakatu, ukitu, arrastatu, begiratu, idatzi, irakurri... aditz horiek nagusitu dira orain arte makinekin ditugun harremanetan.
Baina badirudi datozen urteotan gero eta gehiago joko dugula ahots bidezko agindu eta erantzunetara. Makinei hitz egin, eta haiek ere ahoz erantzungo digute. Are gehiago, haiei zuzenean hitz egin gabe ere zer esaten ari garen entzun, eta horren arabera gauza bat edo beste bat egingo dute.
Ahots bidezko komunikazio hori arazo larri eta ugariak sortzen ari da dagoeneko pribatutasunaren ikuspegitik (pentsa zer izan daitekeen etxean gertatzen den guztia grabatu eta urruneko zerbitzari batera bidaltzen duten makinez inguratuta bizitzea), baina gaurkoan ez naiz horretan sartuko.
Makinek gizakion ahozko hizkuntza ondo ulertzeko, inbertsio eskergak egin behar dira teknologian. Gizakioi kostatu egiten zaigu hizkuntzak ikastea; bada, irudikatu makinei, are gehiago inbertsio horiek berekin ekar dezaketen etekin ekonomikoaren arabera erabakitzen direnean. Hiztun ugariko hizkuntzetan (ingelesa, gaztelania, frantsesa...), ez dago arazorik. Teknologia enpresak ahalegina egiteko prest daude, merkatua handia delako. Eskatu gaztelaniaz zure sakelakoari iratzargailua bihar goizeko zazpietan jartzeko, eta zintzo demonio egingo du. Eskatu euskaraz, ordea, eta “ez dizut ulertu” siku batekin erantzungo dizu.
Uste dut oso garrantzitsua dela Euskal Herrian garrantzia ematea gai honi. Bestela, konturatu baino lehen gertatuko zaigu etxeko telebista, argiak, garbigailua, autoa bera... erabiltzeko erdaraz egitera behartuko gaituztela, konplexutasun teknologikoa eta merkatuaren tamaina aitzakia hartuta.
Gauzak horrela, txalogarria iruditzen zait, adibidez, Mozilla Fundazioaren Common Voice proiektua, ahotsa ezagutzea errazteko tresna funts ireki eta publikoak martxan jartzekoa. Euskarazko bertsioa ere martxan dago, eta hiztunon laguntza behar du. Lagunduko diegu? Oso erraza da!

Loturak, estekak, linkak

https://voice.mozilla.org/eu
Common Voice proiektu irekiaren euskarazko bertsioa. Bi modutan lagun daiteke: pantailan agertzen diren euskarazko esaldi batzuk irakurriz (makinaren ulermena entrenatzeko) edo beste batzuek egindako grabazioen balorazioa eginez.

https://labur.eus/diktatu
Googleren ‘Instanteko transkripzioa’ aplikazioak oso ondo funtzionatzen du, eta euskarazko ahozko mezuak testu bilakatzen ditu di-da. Hori bai, horrez gain ez dakigu oso ondo zer gehiago egiten duen gure datu eta grabazioekin...

https://labur.eus/common
Common Voice zer den jakin nahi duzu? Ondo azalduta dago iametzaren blogean!