‘Igogailua’, entzuteko eta ikasteko

igogailua

Iragan maiatzean sareratu zuen AEK-k Igogailua, Hiru Damatxo ideia faktoriarekin batera ekoitzitako podcast bidezko fikziozko saila. Orain, entzuteko ez ezik, euskara lantzeko ere balio izango du. Izan ere, Igogailuaren bost kapituluak ardatz, ariketa sorta prestatu eta sareratu du AEK-k. Kapitulu bakoitzarekin lotuta, zenbait lanketa topatuko ditu erabiltzaileak: bai podcasta entzun aurretik bai entzun ostean egin beharrekoak. Guztiak AEKren e-euskaltegian topa daitezke, edonork libreki egiteko moduan, hau da, erregistratu beharrik gabe. Zehazki, helbide honetan daude: http://www.egela.aek.eus/blog/igogailua/. Podcasta bera ere entzungai dago AEKren webgunean: www.aek.eus.


mendiaMENDIAK aplikazioa, Codesyntax enpresak 2016an sortua, berritu egin dute, funtzionalitate gehiago erantsita. “Mendizale arrunt eta familientzat” pentsaturiko aplikazioak Euskal Herriko 2.000 gailur nagusien gaineko informazioa biltzen du, eta mendizaleei beren igoerak markatzeko, gordetzeko eta partekatzeko aukera eskaintzen die. Uda hasieratik erabilgarri, aplikazioak hainbat berritasun ditu: mapa arin eta praktikoagoak, eduki gehiago, norbere profilean estatistika osatuagoak... Gainera, aplikazioaren alderdi soziala ere garatu dute. Android eta iPhone gailuetarako prestatuta dago, eta doan eskura daiteke mendiak.eus atarian, besteak beste.

LABURREAN

armiarmaSUSA argitaletxeak, bere katalogo osoa e-book euskarrian eskaintzeko lanean, Saiakera bildumako zenbait liburu epub formatura ekarri ditu, eta bere webguneko dendan paratu. Gai eta estilo desberdinetakoak, denak ere kulturgintzaren ingurukoak lantzen dituzte: Jon Alonsoren Camembert helburu (1998), Joan Mari Torrealdairen Artaziak (2000), Angel Zelaietaren Gabriel Aresti – biografia (2000), Edorta Jimenezen Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan (2003), Garbiñe Ubedaren Mila ezker (2009), Jokin Urainen Ez dago etxean (2010) eta Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak (2010). Guztiak www.armiarma.eus guneko dendan aurki daitezke.


izenakIzenak.eus euskal izenen bilatzailea sortu du Alberto Varela garatzaileak. Pertsonen euskal izenei buruzko informazioa eskaintzen du bertan, hala esanahiak nola itzulpenak, denak Euskaltzaindiaren corpusetik hartuak. Software librearekin egina, sakelakoan nahiz ordenagailuan dago erabilgarri.