Bertso Berriak

olasagarreJuanjo Olasagarre

Urteak neramatzan entzun gabe, baina aurrekoan, nostalgia aldi batek jota, bilatu eta entzun nuen. Hautsi da Anphora, Ruper Ordorikaren lehen diskoa, Ni ez naiz Noruegako Errege baino beranduago ezagutu nuena. Nonbait idatzia dut gaiztoa dela nostalgia, hemendik, beti beharko genukeen tokitik, beste norabait eramaten gaituelako, baina...
Ai, nola pasatu den denbora, zein zahar sentitzen naizen! Zein inuzenteak ginen!
Kantak bata bestearen atzetik pasatzen joan dira, Hi hintzena, Herdoilarena, ia metafisikoa, Kalatxoriena, Esploradorearena, Sagarrondo bati sehaska kanta samurra. Eta, halako batean, Bertso Berriak. Segur aski, ez da poemarik onena, baina gogoak krak egin dit: uztaila hontan beteko ditut/ nik baino urte gehio, kantatu du Ruper Ordorikaren ahots ilunak.
Bertso hauek kontsolamendu handia zitzaizkidala akordatu naiz, garai hartan bizi nintzen etxea eta ondoan nuen konpainia bizi-bizi gogoan egin zaizkidala. Azkeneko bi bertsoetan, kantaria naturako bi elementurekin konparatu, eta gizaki kolpatua izanik galtzaile ateratzen da: [gaztaina] ez zara makina beltz baten / pioi zerbitzaria / kalean arrastaka dabilen / nire antzeko piztia. Bada, kontsolamenduak kontsolamendu, ohartu naiz kanta ederra, oso ederra, iruditzen bazait ere, hitzek diotenaz kontrara pentsatzen dudala orain, eta jada ez zaidala kontsolagarria gauza izatea, sufritzen ez duen gauza soila; nahiago dudala, besterik ezin dudalakoz, batez ere, gizaki kolpatua izan. Eta, oharkabean, kantak utzi zidan arrastogatik, beharbada, konturatu naiz idatzia dudala harri baten gaineko kanta bat, non esaten dudan nahiago dudala gizaki izan sentitzen ez duen harri baino, nahiz eta jakin galdua dudala bizitzaren guda. Autoaipua barkatuko didazuelakoan, hona poemaren bukaera: Poetek kantatuko zaituzte, harri! / Zu izan ez zara, zu, egon baitzaude / zure egoera desiratuko dute / zure izan eza, zure gauzatasuna. / Nik, aldiz, ez dizut batere inbidiarik / lanean bezala aritzen naiz bizigintzan / onik irtengo ez dudala jakinik.