Arantzazuko frisoak, 50 urte

oteiza

Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek sustatuta, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 erakusketa egongo da ikusgai, Altzuzako Oteiza Museoan eta Arantzazuko Gandiaga Topagunean, urriaren 27ra arte. Jorge Oteizak Arantzazuko basilikaren fatxadarako sortu zuen eskultura artista oriotarraren obra publiko garrantzitsuena da, arte eta arkitektura modernoaren une gorenetakoa eta erlijio estetikak XX. mendean izan zuen berrikuntzaren ikurretako bat. Eskultorearen esku-hartzea amaitu eta 50 urtera, erakusketak sakon aztertzen du prozesuaren bilakaera, ahantzi gabe 1969an obra instalatzea lortu arte Elizak lana eragozteko egin zituen ahalegin guztiak. Izan ere, egun inork ez du zalantzan jartzen frisoaren balioa, baina duela mende erdi kalapita galanta eragin zuen. Hantxe egon ziren apostoluak, denbora luzez errepide bazterrean botata, “loaldi geologikoan”, Oteizak zioen bezala. Udarako plan polita izan daiteke Arantzazu eta Altzuza bisitatzea, barruko orrialdeetan proposatzen dizkizuegun besteak bezala. Uda on!