Ingurumena

landareakIa 600 landare espezie desagertu dira azken bi mendeetan

Animalien antzera, landareek ere nozitzen dute gizakion eragina, biodibertsitatearen kalterako. Nature Ecology&Evolution aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, azken 250 urtean 571 landare espezie desagertu dira munduan. Hots, garai berean desagertu diren hegazti, ugaztun eta anfibio kopurua baino gehiago. Gizakion eraginik gabe, 500 aldiz txikiagoa litzateke haiek desagertzeko erritmoa. Kew-ko Errege Lorategi Botanikoko (Erresuma Batua) eta Stockholmeko Unibertsitateko (Suedia) adituek egin dute ikerketa, azken bi mendeetan desagertu diren landareen erregistroak aztertuta. Espezie gehien non desagertu diren ere zehaztu dute: uharteetan, tropikoetan eta klima mediterraneoa duten eskualdeetan, nagusiki. Alegia, bioaniztasun oso berezia eta berezkoa duten lekuetan. Berezkotasun horrek askoz zaurgarriagoak egiten ditu espezieok. Azterketari ñabardurak ere egin dizkiote egileek. Izan ere, azken bi mendeetan landare espezie ugari aurkitu dira munduan, eta desagertutzat jotzen ziren zenbait espezie berriz aurkitu dituzte. Halere, desagerturiko espezieak aipatu baino gehiago izan daitezkeela uste dute, berriz topaturiko zenbait espezieren kopuruak oso txikiak direlako, edota ez dutelako haziak barreiatzeko gaitasunik. Gainera, egun munduan desagertzen diren espezieak detektatzeko gaitasuna ere mugatua dela gogoratu dute.