Txirrindularitza

klasikoaDonostiako Klasikoak emakumeen lasterketa izango du

Abuztuaren 3an jokatuko da 39. Donostiako Klasikoa, eta, estreinakoz, emakumeen lasterketa izango du. Gainera, sarietan parekidea izango da: gizonen lasterketaren irabazleak eta emakumeen artean nagusitzen denak dirusari berdina jasoko dute. Antolatzaileek iaz azaldu zuten emakumeen lasterketa antolatzeko asmoa, eta xedea gauzatu dute. Bi lasterketak egun berean izango dira, baina emakumeena zertxobait lehenago hasi eta amaituko da. Donostian hasi eta buka, gizonezkoek 227,7 km-ko ibilbidea bete beharko dute, eta andreek, berriz, 127,1 km-koa. Azken 50 kilometroetan, ibilbide bera beteko dute batzuek eta besteek. Hori bai, lasterketaren mailan aldea izango da: gizonezkoena World Tour mailakoa da, hots, nazioarteko txirrindularitza profesionalaren maila nagusikoa, eta emakumezkoena ez. Halere, parte hartze ona espero dute antolatzaileek, eta lasterketa biak telebistan ikusteko parada izango da, ETBren eskutik.