Osasuna

oporrakOporrak hartzeak on egiten dio osasunari

Inork gutxik jarriko du zalantzan: oporrak hartzea onuragarria da. Galdetu, bestela, urte osoan oporrik hartu ez duenari! Bada, Syracuseko Unibertsitatean (New York, AEB) eginiko ikerketa batek uste hori berretsi du. Zehazki, bihotzerako dira mesedegarri oporrak, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua murrizten dutelako. Ikerketaren arabera, urtean oporrak maiztasun handiz hartzen dituztenek sindrome metabolikoa izateko arrisku txikiagoa izaten dute. Sindrome metabolikoa eritasun multzo bat da, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitzen duena: hipertentsioa, kolesterol onaren maila eskasa... Ikertzaileek azaldu dutenez, oporraldi kopuruak zuzeneko eragina du: zenbat eta opor gehiago hartu urte osoan, orduan eta arrisku txikiagoa gaixotasun kardiobaskularrak izateko. Hau da, sindrome metabolikoaren baitako gaixotasunak gutxiagotu egin daitezke oporrak hartuta. Hori bai, horretarako lan baldintza egokiak eduki behar dira, hain hedatuak dauden lan baldintza kaskarrak ere gaitz ugariren sorburu baitira, tamalez.