Mundua

louvreParisko Louvre, munduan bisitari gehien jasotzen dituen museoa

Iaz, 10,2 milioi bisitari jaso zituen Parisko (Frantzia) Louvre museo ezagunak. Hala, munduko museorik bisitatuena izan zen, 2017an bezala. AECOM konpainiak eta Themed Entertainment Association (TEA) elkarteak urtero zerrendatzen dituzte munduan bisitari gehien jasotzen dituzten museoak. 2018ko datuen arabera, Louvreren ostean National Museum of China (Pekin) legoke, 8,6 milioi bisitarirekin. Hirugarren postuan, berriz, AEBetako bi museo ageri dira berdinduta, 7 milioi bisitarirekin: Washingtoneko Smithsonian National Air and Space Museum eta New Yorkeko Metropolitan Museum of Art. Jarraian datoz, hurrenkera honetan, Musei Vaticani (Vatikanoa), Shanghaiko Science and Technology Museum (Txina), Washingtoneko Smithsonian National Museum of Natural History (AEB), Londresko British Museum (Erresuma Batua), Londreseko Tate Modern (Erresuma Batua) eta Washingtoneko National Gallery of Art (AEB). Horietakoren bat ikustera joateko asmoa duenak akaso zerrendak kontuan hartu beharko ditu, ilara amaiezinak saiheste aldera...