Frantzia

destroyMerkaturatzen ez diren salgaiak suntsitzea debekatuko dute

Frantzian, saltzen ez diren produktuak ezin izango dira suntsitu, 2023tik aurrera. Multinazionalen ohiko jokamoldea da: saldu gabeko produktuak suntsitu egiten dituzte, biltegietan edukitzea garestiago ateratzen zaielako. Horrek, jakina, sekulako zarrastelkeria sortzen du: urtero, 650 milioi euro inguru. Neurrigabeko xahutze hori ekidin nahi du Frantziako Gobernuak, eta, horretarako, lege proiektua prestatuko du uztailetik aurrera. Elikagai ez diren produktuei eragingo lieke legeak: arropa, etxetresnak, fardelak, jostailuak... Suntsituak izan beharrean, produktuok dohaintzan ematea edota birziklatzea nahi du Frantziako Gobernuak. Hala, ekonomia “sozial eta solidarioagoa” bultzatu nahi du, ekonomia zirkularra sustatuta. Bitxia eta sinesteko zaila, Frantziako Gobernuaren izaera eta ildoa neoliberalak direla kontuan hartuta. Aurreikuspenen arabera, 2021ean jarriko da indarrean legea, lehenik hondakinen kudeaketa estrategiak martxan dituzten enpresetan. 2023tik aurrera, baina, gainerako enpresa guztiei eragingo die. Nolanahi ere, xehetasun asko daude argitzeke: nola ezarri, betetzen ez dutenei zer-nolako zigorrak ipiniko zaizkien eta abar. Lege berriak 2016an onarturiko beste bati emango dio jarraipena, saltoki handiei saltzen ez dituzten elikagaiak botatzea debekatzen dien legeari, hain zuzen.