Bitxikeria

gidatzenGidatzerakoan, ongi aukeratu musika

Autoan entzuten den musikak gidatzeko modua baldintza dezake. Are gehiago, heavy metal musika entzuteak okerrago gidatzea eragiten digu, modu arriskutsuagoan egiten dugulako. Hala dio, bederen, Britainia Handiko Auto Express aldizkariak eta Institute of Advanced Motorists (IAM Roadsmart) elkarteak elkarrekin eginiko ikerketa batek. Musikak gidatzean duen eragina neurtzeko, proba zehatza egin zuten Austriako auto zirkuitu batean. Aldizkariko kazetari batek bi itzuli eman zizkion zirkuituari, bost saiotan: lehena, isiltasunean; ondoren, Slipknot heavy metal taldearen abesti bat entzuten; jarraian, Taylor Swiften pop kantu batekin; gero, Kendrick Lamar rap kantariaren abesti bat adituz; eta, azkenik, Johann Sebastian Bachen zenbait doinu ipinita, hots, musika klasikoa. Zirkuituan, hainbat baldintza bete behar ziren: tarte batean, abiadura mugatuaz ibili behar zen; beste batean, bihurgune zailak igaro behar ziren; azkar azeleratzeko tartea ere bazegoen... Bada, itzuli guztiak kronometratu eta aztertu ostean, ondorioa izan zen zenbat eta musika gogorragoa izan, gidariaren portaera orduan eta arriskutsuagoa zela, eta alderrai gidatzeko aukerak ugaritu egiten zirela. Aldiz, pop musika entzutean aritzen omen zen gidaria egokien, eta musika klasikoa entzutean, berriz, erlaxatuegi. Gainera, musikaren bolumenak ere eragina omen du: igo ahala, gidariaren kontzentrazioak okerrera egiten du. Xelebrekeriatik badu ikerketak, baita ernegagarritik ere, heavyzaleentzat, bederen. Izan ere, proben oinarri zientifikoak ez dirudi serioegia, are gehiago probak egin zituen gidariaren musikazaletasunak ezagutu gabe!