Liburuak atez ate

liburutegia

Duela 15 urtetik hona, Aurizberriko liburutegiak etxez etxeko zerbitzua eskaintzen du. Nafarroan liburutegi bakarra da, eta liburu bilduma osoa bazkideengana hurbiltzea du xede. Arkaitz Almortza.

Behin batean, Nafarroako Pirinioetako eskualde batean, herri liburutegi bat zegoen, Aurizberri izeneko herri txiki batean. Bertako langileak Martin Saragueta zuen izen-abizena, eta liburuak irakurtzea biziki gustatzen zitzaion arren, maiteago zuen zonaldeko bizilagunak ipuinak eta eleberriak irakurtzen ikustea.
Aitzitik, kezkatuta zegoen liburutegiko zerbitzuarekin: alde batetik, azpiegitura oso zaharkituta zegoen, eta bertako liburu bilduma ere nahiko kaxkarra zen. Bestetik, irakurle asko liburutegitik urrun bizi ziren, eta atzera eta aurrera ibili behar izaten zuten aleak maileguan hartzeko. Gainera, pertsona horietako asko adinduak ziren, eta Aurizberrira gerturatzea neketsua izaten zen haiendako.
Ondorioz, egoerari aurre egin beharra zegoela pentsatu zuen, eta proiektu berri batean hasi zen lanean buru-belarri: “Errazagoa da pertsona bat herrietara joatea herrietako jende guztia hona etortzea baino” dio liburuzainak. Nolabait, esan daiteke liburutegiko bildumari gurpilak jarri zizkiola, eta herriz herri, atez ate, bildumako ale guztiak bazkideen etxeetara gerturatzen hasi zela.
Hala ere, ekimena martxan jartzea ez zen izan ahuntzaren gauerdiko eztula: “Etxeetan sartzea oso zaila izan zen; hemengo jendearen izaera den modukoa da-eta: ezezaguna bazara edo zeharkako harremana baduzu, gaizki”. Hori dela eta, lehenengo bisitaldia herri bakoitzeko ezagun batekin egiten zuen: Luzaiden, esaterako, bertako bizilagun baten eskutik egin zituen hasierako bisitak.
Bien bitartean, Cederna Garalur elkartearen laguntzarekin, liburutegiko azpiegitura zaharrak berritzen hasi zen. Hori egin ahal izateko, Europatik diru-laguntzak lortu zituen, eta eskualdeko bizilagunei merezi zuten zerbitzua eskaintzen hasi zen: garaian garaiko teknologia berriez hornitu zuen liburutegia. Erronka handia zirudien arren, ezina ekinez egina, liburutegi berria zabaldu zuten Aurizberrin.
Hilabetetik hilabetera, proiektua sendotuz joan zen eta bigarren urtean, eskualdeko herrien artean, Liburutegi Zerbitzuen Mankomunitatea sortu zuten: Aezkoa, Artzibar, Auritz, Erroibar, Luzaide eta Orotz-Beteluk osatzen dute (Orreaga kide ez den arren, bertara ere eramaten dira liburuak). Izenari dagokionez, originala dela azpimarra dezakegu: “Berragu da liburutegiko leihoa zabaltzen dugunean ikusten den mendia”. Horrenbestez, liburutegitik urrun daudenak ere liburutegian daudela interpreta dezakete.
Liburutegiko bildumari gurpilak jarri zizkionetik, nahikoa elur egin du zonaldean. Orotara, hamabost urte eman ditu etxez etxe, eta beste hainbeste istorio eta bitxikeria gordetzen ditu oroitzapenean: “Oso esperientzia aberatsa izan da. Egunero ikasten duzu zerbait, eta hemengo jendea oso aberatsa da zentzu guztietan” dio. “Niretzat, hasieran, ezezagunak ziren, gero bezeroak eta azkenik lagunak” nabarmentzen du.
Ibilbide honetan zehar hainbat sari jaso ditu. Haatik, Saraguetak garrantzi handiagoa ematen dio herritarren iritziari: “Jendeak zerbitzua erabiltzen duela ikusten duzunean, poztu egiten zara”. Eta bai, herritarren babesa eta aitortza izan du egindako lanak.
Proiektua, gaur
Halere, dena ez da urrea, eta proiektuak gorabeherak izan ditu, arrazoi bat dela edo bestea dela; izan ere, Nafarroako Gobernuaren oniritzia badu ere, ez dio behar besteko babesa ematen, herrialdean zerbitzu hori eskaintzen duen bakarra izan arren. Adibidez, urte hauetan guztietan, liburuzainak errepidean egin dituen bidaia guztietan ez du laneko asegururik izan, eta ezbeharren bat izan balu, bere ardura izango zen.
Ekimena bera ere pertsonari lotuta dago, eta edozein aldaketarekin beti egon daiteke bertan behera geratzeko arriskuan. Hogeita bost urteren ostean, Martin Saraguetak lantokia aldatu du eta bere ordezkoaren esku egon da proiektuaren etorkizuna. Baina Mari Agosek argi zuen Berragurekin jarraituko zuela, oso interesgarria iruditzen baitzaio atez ateko zerbitzua; halere, ekimenari beharrezko babesa emateko eskatzen dio Gobernuari.
Emeki-emeki, aurretik marraztutako ibilbidean aurrera doa Agos. Asteazkenero irteten da liburuak banatzera eta, gutxi gorabehera, hilabeteren bueltan jasotzen ditu. Horretarako, herritarrek eskaera e-postaz edo telefonoz egiten dute, hasieratik egin duten bezala, eta bilduma osoa Nafarroako Liburutegi Publikoen webgunean dagoenez, bertan kontsulta dezakete nahi duten guztia. Bezperan, zerbitzuan parte hartzen duten lagunei deitzen die banan-banan eta hurrengo egunean irteten da ezagutza eta fantasiazko munduak eskualdean zehar banatzera.
Zalantzarik gabe, gaurko izerdia biharko ogia da, eta Berraguk egin duen apustuak fruitu interesgarriak eman ditu, irakurzaletasuna bultzatu baitu Nafarroako Pirinioetan. Herrietako bazkideez gain, zahar egoitzek, elkarteek, ikastetxeak eta abarrek bat egin dute proiektuarekin, eta Garraldako AEK euskaltegian ere laster hasiko dira zerbitzua jasotzen. Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila Auñamendiko plazan.