Euskaltzaindia

izenaGenero markarik gabeko izenak gehitu zaizkio pertsona izendegiari

Amaiur, Argi, Bihotz, Garai, Haize, Iraultza... euskaraz badira hainbat pertsona izen neutro. Hau da, gizonezkoei zein emakumezkoei ipini ahal zaizkie. Orain artean, Espainiako Erregistro Zibilak halako izenak jartzeko aukera ukatu izan du, Euskaltzaindiaren Pertsonen izendegia argudio hartuta: bertan, sexuaren arabera sailkatzen zituen izenak. Hots, edo gizonezkoei edo emakumezkoei ipintzekoak ziren. Egoera hori aldatzeko urratsa egin du Euskaltzaindiak Pertsona izendegi berritua aurkeztuta. Izendegiari atal berria gehitu dio, izen epizenoena, non genero markarik gabeko 500 izen inguru sartu dituen. Horrekin batera, pertsona izen txikigarriak ere gehitu dizkiote. 1957ko Espainiako lege batek propio debekatzen ditu sexuari buruz okerra eragiten duten izenak. 2011ko lege batek bertan behera utzi behar zuen debekua, baina oraindik ez da indarrean jarri. Horiek horrela, Euskaltzaindiak 2018an adierazi zion Espainiako Justizia Ministerioari euskaraz badirela izen neutroak, eta, beraz, malguago jokatzeko eskatu zion. Orain, tradizio soziokulturala eta ibilbide historikoa aintzat hartuta, akademiak izen neutroak gehitu dizkio Pertsona izendegiari. Hala, aurrerantzean, seme-alabei mota horretako izenak jarri nahi dizkieten gurasoek buruhauste gutxiago izan beharko lituzkete. Izendegia Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus) ipini dute erabiltzaileen eskura. Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, hemendik aurrera “izaera irekia eta dinamikoa” izango du izendegiak, eta aldiro-aldiro gaurkotuko dute, akademiaren webgunean.