“Euskararen sekretua detaileak dira: mugagabea, pluralak, ergatiboa...”

rutaAlessandro Ruta
(Milan, Italia, 1982)

Maitasunak ekarri zuen Milandik Otxandiora, eta maitasuna lagun hasi zen euskara ikasten Otxandioko AEKn. Hainbat hizkuntza ikasia, ez dio utzi euskaran murgiltzeari: 20. Korrikan, Otxandioko hasiera antolatzen aritu zen, eta, berriki, aurkezle jardun du ETB1eko Ez da Giro saioan.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Edo euskara etorri zen nire bila? Kar-kar! Ez, serio, oso erraza da nirea: neska-laguna euskalduna dut, Milanen ezagutu genuen elkar, baina Otxandiora etortzen ginenean euskara entzuten nuen. Milanen euskara ikastaro bat eman zuen hark, eta nik parte hartu nuen, noski; orduan, sekulako bitxikeriak ulertzen hasi nintzen...
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Erronkak asko gustatzen zaizkit, hain zuzen erronken munduan lan egiten nuen. Horrez gain, bai batxilergoan bai unibertsitatean hizkuntzak ikasi nituen; hortaz, niretzat nahiko erraza da... Italiako gure esaldi famatua gorabehera: “Gli esami non finiscono mai”, hots, “Azterketak ez dira inoiz amaitzen”.
Nolako prozesua izan duzu?
Neska-lagunak, ez dut ondo gogoratzen noiz, euskal gramatikari buruzko liburu bat oparitu zidan, Milanen. Handik aurrera hasi nintzen ikasten. Ondoren, Otxandiora etorri ginen, lehenik oporretara eta gero bizitzera. Nire neska-laguna Kataluniakoa izan balitz, katalana ikasiko nuen, edo islandiera, edo japoniera... nongoa izan hura. Azkenean, hemen hasi nintzen, AEKren eskoletan, eta apurka-apurka hobetu dut nire euskara.
Zer izan da zailena zuretzat?
Gramatikaren ikuspuntutik, erlatibozko esaldiak, zalantzarik gabe. Oso desberdina da beste hizkuntzekin alderatuta. Hiztegia hobetu beharko nukeenez, hitz berriak asmatzen ditut, desinentziaren bidez.
Eta errazena?
Nahiko erraza da niretzat hizkuntzak ikastea. Baina erritmoa hartu behar duzu. Euskararen sekretua detaileak dira: mugagabea, pluralak, ergatiboa...
Erabiltzen al duzu? Une barregarriak ere emango zizkizun...
Nire dialektoan, Milanekoan, bada esamolde bat oso “euskalduna”, soinua oso euskalduna du: “Ti che te tachet i tac, tacum i tac a mi, mi tacat i tac a ti, ti che te tachet i tac, tacheti ti i to tac”. Esanahia, gutxi gorabehera: “Zuk, takoiak itsasten dituzunak, itsatsi nire takoiak! Nik zure takoiak itsasten dizkizut, zuk, takoiak itsasten dituzunak, itsatsi zure takoiak!”. Nire irakasleari aipatu nion esaldi hau, eta barre egiten hasi zen; noizean behin, gelan errepikatzen dugu. Hala ere, nire euskara oso italiarra da, besoak etengabe mugitzen eta keinu asko egiten ditut. Askotan entzun izan dut zuen ustez italiera oso musikala dela, eta egia da. Ezin izango duzue kendu Milan, edo Italia, milandar baten baitatik, inoiz ez!
Trikimailuren bat?
Beldur barik aritzea! Ni kazetaritzaren mundutik nator; teorian, nork bere hizkuntza oso-oso-oso ondo erabili beharko luke. Teorian. Baina, egia esan, hainbat eta hainbat akats ikusi izan ditut, mamma mia! Nik ere egiten ditut, tarteka. Blade Runner filmean bezala, “sinetsi ere ezingo zenituzketen gauzak ikusi ditut”. Orduan, beste hizkuntza bat erabiltzen hasten zarenean, kendu beldurra eta bota lasai asko. Antzerkian bezala, agertokira igotzen zarenean zure txanda da; beldurrez bazaude, aldiz, akabo!