Teknikak asko eman dio lanbideari, baina galarazi ere bai

elorzaIñaki Elorza
Irrati esataria

Uztailaren 14a izango du azken laneguna Iñaki Elorza Txapas (Azpeitia, 1952) Euskadi Irratiko kazetari eta esatariak. Aparejadore ikasketak egina, 1981ean hasi zen Herri Irratian, futbol partidak euskaraz kontatzen, eta 1982tik Euskadi Irratian ibili izan da. Hainbat kirol jorratu izan ditu, nagusiki pilota. Urte luzez, Iruñeko sanferminen berri eman du: diana, entzierroa... 80ko hamarraldiaren hasieran, kirolak euskaraz azaltzen aitzindaria izan zen; egun ohikoak zaizkigun hitz gehienak sortzen eta gizarteratzen lan handia egindakoa da.

Erretiroa hartzeko gogoz ala nagiz?
Ez gogoz ez nagiz. Iritsi zait ordua, eta joan egin behar dut. Iaz, zalantza asko izan nituen, aurten ez. Badakit halako egunean halako orduan bukatuko dela, eta kito.
Mikrofonoaren falta sentituko al duzu?
Ez, seguru nago ezetz. Entzuleen hutsunea, ordea, bai, haiekin daukadan harremana: irratian jasotzen ditugun whatsappak, mezuak, kalean topo egitea...
La Pamplonesa musika-bandak sanferminetako txupinazoa botatzea, erretiroa hartzeagatik jasotako oparirik onena?
Bai, kristorena. Haiekin urte guztiko harremana daukat. Gainera, txupinazoa bota behar duen Jesus Garisoain zuzendariarekin daukat harremanik handiena; beraz, berriak sekulako bizipoza eman zidan!
Saskibaloia, erdilaria, eremua… Zenbat hitz erabili zenituen estreinakoz?
Asko. Baina orduan pedagogia lan handia egin beharra zegoen. Zeren ezin baituzu egin kontaketa zuk dakizun guztia kontatuz, entzuten ari denarentzat hori guztia arrotza delako, beste hizkuntza batean ariko bazina bezala. Zu zeinekin hitz egiten ari zaren, haren parean jarri behar duzu. Garai hartan pasatzen zitzaigun. Orain jendeari eskatu behar diozu dena behar den bezala esatea, baina orduan ez. Entzuleekin ere, berdin. Pedagogia lan hori egin beharra zegoen, eta nik uste ongi egin genuela.
Kirol asko jorratu izan dituzu; pilota gustukoen?
Bai. Halere, garaiak asko aldatu dira. Lehen, futbolean, bidaia egiten zenuen jokalariekin; hotelean, jokalariekin... haiekin egoten zinen. Gaur egun, haiek han daude, eta zu hemen. Pilotan ez bezala; kirol horretan, oso gertu egoten gara oraindik. Pilotariak txikitatik ikusten dituzu jokatzen; haien familiak ezagutzen dituzu... Horregatik, gertutasun handia eman dit pilotak, beste edozeinek baino gehiago.
Magnetofonoarekin hasi, eta Internetekin amaitu. Zenbat aldatu da lanbidea?
Asko, onerako eta txarrerako. Onerako, bitartekoak oso lagungarriak izan direlako. Lehen, tramankulu handi batzuekin ibili behar zenuen; egun, aldiz, baduzu  oso kalitate onarekin grabatzea; sakelako telefonoak oso baliagarriak dira, Internetekin dena ematen dizute. Txarra du zure lantokitik ateratzea kosta egiten zaizula, enpresari kosta egiten zaio zu kanpora bidaltzea. Hortaz, asko eman du teknikak, eta galarazi ere bai. Batez ere, gertuko komunikazioa eta gertuko berotasun hori ez dira lehengoak. Euskararekin ere izan dugu aldaketa. Lehen, prentsaurrekoetan, lehenik galdera guztiak gaztelaniaz egiten zituzten, eta dena bukatu eta gero euskarazkoak. Hau da, ni bakarrik geratzen nintzen, zain. Pentsatuko zuten: “Hor da euskaraz aritzen den astun hori!”. Egun, ordea, ez: prentsaurrekoak euskaraz hasten dira, normaltasun osoz.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Musikak.
Eta tristatu? Politikariak elkarrekin ez moldatzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Inprobisazioak.
Eta negarra? Ondokoak gaizki ikusteak.
Zerk haserrarazten zaitu? Jendeak hitza jatea.
Bizio bat: Bidaiatzea.
Irratsaio bat: Egin ez dudan bat: Urtezahar egun batean, gustura egingo nukeen entzuleengandik gertu egoteko programa bat.
Pilotari bat: Bakarra ez dizut esango.
Kirolari bat: Garaian garaikoak.
Ondo gogoan duzun finalen bat... Azkena, Irribarria-Urrutikoetxea.
Gustura elkarrizketatuko zenukeen... Pablo Neruda. Batez ere, Confieso que he vivido liburuagatik.
Eñaut Mitxelena