“Aberatsa banintz, ez nuke erakusketarik egingo”

ferrer

Esther Ferrer artistak (Donostia, 1937) diziplina anitz jorratu baditu ere, performancean aitzindarietakoa izan da. Parisen bizi da 1973tik, baina berriki gurean izan da, Josu Rekalde berari buruz egiten ari den dokumentalean parte hartzeko eta Tabakaleran ikusgai eduki duen erakusketa amaitzeko. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zer sentitu zenuen Notre Dame sutan ikustean?
Historian, literaturan, frantsesen bizimoduan... hainbeste konnotazio dituen monumentu sinboliko hori erretzeak inpresioa eragiten du, baina ni erabat agnostikoa naiz; beraz, katedral bat erretzeak, ikuspuntu erlijioso edo afektibotik, berdin dit. Gainera, ez da munduko katedralik ederrena, frantsesak horretan tematu arren; halere, sinboloa da haientzat, eta ulertzen dut mintzea. Hori bai, sekulako manipulazioa egon da. Botereek eta politikariek dena erabiltzen dute, eta lehendik datorren substratu nazionalista frantsesak sekulako tamaina hartu zuen. Halere, puxika hain handia zenez, berehala zulatu zen.
Zure ibilbideari erreparatuta, performancean aitzindarietakoa izan zara...
Performancean, gehien interesatzen zaidan elementua arriskua da. Izan ere, nahiz eta oso ondo pentsatu performancea, egingo duzuna erabaki eta dena oso argi eduki, beti dago gauzak beste modu batean gertatzeko arriskua, eta horixe interesatzen zait. Oso ondo dakit nola hasiko naizen, baita nola jarraituko dudan ere (ezer gertatzen ez bada edo istripuren bat ez badago), baina inoiz ez dut jakiten nola bukatuko dudan.
Zerk bultzatzen zaitu sortzera?
Edozein artistari bezala, gauzak egitea gustatzen zait. Denbora bulego edo lantegi batean pasatu beharrean, pentsatzen eta pentsatu dudan hori ikusgai jartzen lan egiten dut. Lehenengo, neuretzat; ondoren, lana ikusi ahal dutenentzat. Koadroa, instalazioa, performancea, testua, poesia soinuduna... ideia bat bururatzen zaidanean, lehendabizi pentsatzen dut zein forma den egokiena bakoitzerako. Eta hori erabakita dudanean, egin egiten dut. Batzuetan, ez badaukat oso argi ideia performance baterako egokia den ala ez, instalazio bat egiten dut kontzeptu berarekin, asko gustatzen zaidalako ideia bera hainbat euskarritan “deklinatzea”. Lehenik, inoiz ez dudalako jakiten zein den euskarririk aproposena, eta, bigarrenik, euskarriak artelanaren irakurketa alda dezakeelako.
Nolakoa da zure sorkuntza prozesua?
Beti edukitzen ditut buruan egin nahi ditudan gauzak, asti faltagatik egin gabeak. Horiek beste ideiarik ez duzunean egitea zoragarria da. Beste batzuetan, performance bat egitera gonbidatzen naute, eta zerbait berria sortu nahi dut. Bada, orduan, paseatzera ateratzen naiz, oso ondo pentsatzen baitut horrela, pentsatu gabe. Performance bat sortu behar badut, hor edukitzen dut (eskua buruaren atzeko aldera eramaten du). Badakit burmuina, disko gogorra, funtzionatzen ari dela, nahiz eta pantailan ezer ageri ez. Eta, halako batean, beste zerbait egiten ari naizela, agertu egiten da! Ideia bat dudanean, idatzi egiten dut, lehendabizi, eta gero pixkanaka lantzen dut.
Performancea iragankorra da, ezin da inoiz berdin errepikatu...
Ez, baina bizitzan ere ez da sekula ezer errepikatzen. Egunero ordu berean jaiki arren, ez da ordu bera. Eta norbera ere ez, nahiz eta soineko bera modu berdinean jantzi. Naturan ez dago errepikapenik, eta guregan ere ez. Nik egin dezaket performance bera askotan, nahi badut edo gogorik badut, eta mementoan alda dezaket, egiten ari naizen bitartean, nahi dudalako. Salbuespenak salbuespen, ez naiz inprobisatzailea: pentsatu egiten dut, birpentsatu, “partiturak” egiten ditut, egin behar dena idatzi egiten dut, egin behar ez dena ere bai... Baina, gero, mementoan alda dezaket. Zergatik? Bada, egun horretan ez dudalako hori egiteko gogorik, inguruko baldintzek zerbait aldatzera bultzatzen nautelako, publikoaren erantzuna... Aldakorra da, performancea bizitza delako. Bizitzaren jarraipena da niretzat, nire bizitzaren barruan dago, nire bizitzako beste ekintza bat da.
Hortaz, ez duzu inoiz inprobisatzen?
Nik ez, baina Tabakalerako erakusketan partiturak eta objektuak utzi nituen, jendeak horiekin bere performancea egin zezan, gauzak nolanahi erabiliz. Ikusleak asmatzen duena bere arazoa da, niri soilik inporta zait ziurrenik inoiz egin ez duen zerbait egiteko aukera ematea. Performance baten aurrean, ikusleak barruan duena proiektatzen du, milaka aldiz egiaztatu dut: batzuk haserretzen dituenak beste batzuei barrea eragiten die. Orduan, batek bere umore txarra, frustrazioa edo egun horretako buruko mina proiektatzen du; beste batek, ordea, bere umore ona proiektatuz, barre egin eta ondo pasatzen du. Onartzen dut jendeak esatea ez duela ulertu, noski, baina hori ez da nire arazoa. Artelan baten aurrean, harremana sortzen da (errefusa, interesa, miresmena...) lanaren eta ikuslearen artean. Harreman hori ona, txarra edo okerragoa izan daiteke, baina artistak, hor erdian, ez dauka zereginik. Hori da nire teoria.
Deigarria da ikusleei performancea egiteko aukera ematea...
Nik jendeari ez diot parte hartzeko eskatzen. Parte hartu nahi badu, har dezala, helduak dira. Nik nahi dudana egiten dut, edo egin behar dudala uste dudana, eta ikusleek ere berdin egingo dute. Haien askatasuna da, eta ardura. Nik artean dudan betekizun bakarra da egiten dudana ahalik eta hobekien egitea. Mezua eta horrelakoak ez zaizkit interesatzen, egiten dudana neuretzat egiten baitut. Gero, beste norbaiti ere balio badio, zoragarri! Hala ere, batzuetan, badira jendeak ulertzea nahi dudan hainbat obra: genero berdintasunaren edo immigrazioaren alde... Zerbaitek haserrearazten nauenean edo jendeak nahitaez ezagutu behar duen zerbait denean, eraginkortasuna bilatzen dut, une horretan jendeak horren berri edukitzea nahi dudalako. Gero, ikusleek erantzun dezatela nahi duten moduan, nik ez dut ez ahalmenik ez ezagutzarik jendeari zer egin edo pentsatu behar duen esateko. Nik “hau gertatu da” diot, beste barik. Ondoren ikusleek pentsatuko dutena beren arazoa da. Ni ez naiz ez apaiza ez predikaria ez gurua ez politikaria ez ikusleen aita ez ama. Nik gauzak egiten ditut pentsatzen duten (edo ez) helduen aurrean. Gustatzen ez bazaie, joan daitezela. Gustatzen bazaie, gera daitezela. Parte hartu nahi badute, har dezatela. Bestela, ez dezatela parte hartu. Ez zait batere interesatzen artea erlijio bihurtzea, dogmak eta guruak ez ditut gustuko. Horrela balitz, ez nintzateke artista izango.
Aspaldi sortutako performanceak ere aldatu izan dituzu...
Kontzeptua interesatzen bazait, beren horretan egin edo aldatu egin ditzaket, nire gustuen, aukeren edo adinaren arabera. Adibidez, ekintza bat lurperatu egin nuen, Morilleko (Salamanca) artelanen hilerrian. Nik ordurako ezin nuen egin, esfortzu fisiko handia eskatzen zidalako. Behin baino gehiagotan aldatu nuen, adinari egokitzeko. Azkeneko aldian, konturatu nintzen ezin izango nuela gehiagotan egin. Beraz, han lurperatzeko deitu zidatenean, zoragarria iruditu zitzaidan. Azkenekoz egin, eta hantxe geratu zen lurperatuta.
Zergatik gertatzen zaizkizu deigarri zenbaki lehenak?
Ez zaizkit deigarri gertatzen. Marrazkiak eta maketak egiten nituen sasoi batean, neuk erabakitako arau bat betetzea erabaki nuen. Instalazioak sistematikoki erantzun behar zion arauari, arau bat instalazio bakoitzerako. Orduan, zenbaki itsaso batean igerian ari nintzela egin nuen amets, eta, esnatutakoan, gogoratzen nituen guztiak zenbaki lehenak ziren. Hala, landu ahal nuen serie bat zela erabaki nuen, nahiz eta matematikariek esan ez dela ezagutzen zer arauri jarraitzen dion serie horrek, ezta araurik dagoen ere. Baina nik oso gustuko dut, burutik kendu ezin dudan lana da. 
82 urte beteko dituzu abenduan, ez duzu erretiroan pentsatu?
Ez, erretiro txikia geratuko zaidalako, besteak beste. Baina oso pentsio handia edukita ere, lanean jarraituko nuke, gustatu egiten zaidalako. Ziurrenik, ez nuke erakusketarik egingo, hori ez dudalako atsegin. Neure tailerrean jardutea gustatzen zait, eta erakusketak egiten ditut bizitzeko, erakutsi ezean ez delako saltzen. Hori bai, egitea onartzen badut, interesgarria iruditu zaidalako, ahalik eta hoberen egiten dut. Eta, onenean, baliteke pozik geratzea emaitzarekin, baina nik ez dut inoiz erakusketarik eskatzen. Arte kontuan, inoiz ez diot inori ezer eskatu. Aberatsa banintz, ez nuke erakusketarik egingo, edo guztiaz arduratzeko langile bat edukiko nuke, eta neu ez nintzateke agertuko.
Lanik erakusten ez duen artista, ordea...
Badira hil ondoren ezagutu diren artistak. Munduak berdin jarraituko du biraka Esther Ferrerren lana ezagutu ala ez, Esther Ferrerren lanak berarentzat bakarrik balio duelako. Eta beste norbaiti ere balio badio, primeran!

Kolkotik  

Gehien inspiratu zaituen objektua?
Objektutzat har badaitezke, zenbakiak. Denak, oro har.
Zein artelanen aurrean hunkitu zara?
Arte hunkigarria ez da nire kutuna. Interesatu egin behar zait, nire jakin-mina piztu, berari buruz pentsatzeko gogoa eragin. Ezin bat aukeratu.
Zein artista miresten duzu?
Ez dut miresmen gaitasun handirik, baina John Cagek eragina izan du nire lanean.
Zergatik?
Nire soinu unibertsoa beste inork ez bezala zabaldu duelako, eta mundu honetako soinuak entzuten, aditzen eta haiekiko jakin-mina edukitzen irakatsi didalako .
Zeuk landu gabeko zein arte diziplina duzu gustuko?
Opera, kar-kar!
Museo bat?
Denak ditut gustuko, baina El Prado da nire kutunetako bat.
Nor da heroia zuretzat?
Aljeriako Askatasun Gerran edo Espainiako Gerra Zibilean borrokatu ziren emakumeak. Bangladeshen edo Afganistanen emakumeen burujabetzearen aldeko borrokan dabiltzanak, egoera zitaletan dena arriskatzen dutelako.
Zer ez da inoiz falta zure hozkailuan?
Ufa! Dena falta da, desastre hutsa gara senarra eta biok. Nik barazki asko jaten dut, eta hori bai egoten da, baina bestela...
Zerk eragiten dizu barre?
Umeek, barre egiteko filmek, artelan batzuek... Gauza askok.
Zerk ematen dizu amorrua?
Milaka gauzak! Politikariei entzuteak, adibidez, denei! Ezker-eskuin!
Eta beldurra?
Guztiak: egiten dudanak, egiten ez dudanak, bidaiatzeak, ez bidaiatzeak... Beldurtia naiz, baina saiatzen naiz beldurra gainditzen.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Espainia errepublika bihurtu da.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Agian, medikua, asko gustatzen zitzaidan. Eta, geroxeago, astrofisikaria, baina ez nuen horretarako ahalmenik, kar-kar! Orain ere gustatuko litzaidake astrofisikaria izatea.
Artista izan ez bazina, zer?
Ez dakit, edozer egin nezakeen: irakatsi, etxeak garbitu... edozer.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Gutxi jartzen naiz, ez naizenez makillatzen... Orraztean ere ez dut neure burua ikusten, beti izaten dudalako beste zerbait buruan. Baina erakusleiho baten aurrean edo, pentsatzen dut: “Ene! Bai zaharra!”.
Labur-labur, nolakoa da Esther Ferrer?
Pertsona feminista, behar beste denbora jarraituko duena horrela, norberaren eta besteen askatasunaren alde borrokan. Asmo handiegia, agian, baina...