Zaintzen al duzue zuen elikadura?

ikamika

Udan sartuak gara. Ziurrenik, zuen artean edo zuen inguruan bati baino gehiagori entzungo zenizkioten ‘bikini operazioa’ eta antzekoak. Halakoek, baina, egungo kanon estetiko zalantzagarrien etengabeko bonbardaketa izaten dute, askotan, oinarri. Hots, osasun kontua baino, osasuna bera batere kontuan hartzen ez duten arrazoiek. Nolanahi ere, elikadurak gero eta gehiago arduratzen gaituela ukaezina da. Ekaineko AIZU!n egindako elkarrizketan, esaterako, Gabriela Uriarte nutrizionista eta dietistak honela dio: "Ondo jatearekin kezkatuta baino, kontzientziatuago gaude, ikusi dugulako ez ginela ari uste bezain ondo. (...) Gehiegizko pisu eta obesitate tasa handiak betidanik izan dituzten herrialdeetara hurbiltzen ari gara". Zaintzen al duzue zuen elikadura? Orain gehiago arduratzen al zarete elikadura egokia izateaz, duela zenbait urte baino? Arrazoi estetikoei garrantzirik ematen al diezue? Leioako Lamia AEK-ko A2/B1 mailako goizeko taldea.

1. Alberto
Egunero ezin da elikadura zaindu, baina saiatzen naiz, batez ere etxean, osasungarri jaten: barazkiak, arrainak, haragia... Alde horretatik, arazorik ez. Kalean, ordea, zaila da edozein gauza ez jatea, beraz, hori gertatzen denean kirolaren bidez orekatzen dut.
2. Miren Karmele
Barazkiak asko gustatzen zaizkit, arraina ere bai. Frijituak ez zaizkit gustatzen; orduan, ez ditut sarritan prestatzen. Normalean, ondo jaten dut, orekatu eta osasungarri.
3. Ana
Normalean, elikadura zaindu egiten dut; adibidez, barazki asko jaten dut, begetarianoa ez banaiz ere. Elikagai ekologikoak jaten saiatzen naiz, baina esan dezakegu denetarik jaten dudala.
4. Miren
Zorte ona daukat, nire senargaia sukaldaria delako; normalean, etxean, elikadura osasungarria izaten dugu, eta kalitatezkoa, gainera. Beraz, arazo barik osasuntsu bizitzeko.
5. Mari Feli
Nik pentsatzen dut elikadura oso inportantea dela; esate baterako, barazkiak, arraina, okela, arroza, fruta eta lekaleak. Horrekin batera, egunero beharrezkoa da ur asko edatea, kirola edo ariketa fisikoa egitea; ni, behintzat, saiatzen naiz horrela egiten.
6. Unai
Elikadurari dagokionez, denetarik jaten dut: barazkiak, haragia... Hori bai, janari azkarra ez jaten saiatzen naiz, zaila bada ere. Uste dut oso garrantzitsua dela elikadura orekatua izatea, gero zahartzaro osasuntsua izateko.