Ipar Euskal Herriko leku ezezagunetako bideetatik

sokarros

Ipar Euskal Herriak, oro har, hedadura txikia du, eta egun batean ibilgailuz zeharkatzeko aukera ematen du. Horrela proposatzen dizuegu ezagutzea leku ezezagun edo ez oso ezagun batzuk. Allande Sokarros.

Baionako erdialdetik abiatuta, Ipar Euskal Herria eta Landak (Gaskoinia) banantzen dituen Aturri ibaiaren ertza hurbil-hurbiletik jarraituko dugu. Horretarako, autobidera jo ordez, Lehuntze, Urketa eta Ahurti herrietaranzko norabidea hartuko dugu. Ahurtin, hain zuzen, geldialdia egitea gomendagarria da, batez ere hango portuan. Han, alde batetik Aturri dugula eta bestetik hezeguneak, merezi du geratzea, Aturri ibaian gora eta behera ibiltzen ziren merkantzia ontziak gogoan.
Akizetik edo Mont-de-Marsanetik ere garraiatzen zituzten hainbat merkantzia (egurra, harria, erretxina, ardoa, urdaiazpikoa...) Aturrin arraunean egiten zuten ontziek, Baionako porturaino garraiatu ere. Ibilbide horretan, Ahurtiko portuan geldialdi bat egin ohi zuten, eta bertan oraindik bada XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan garatu zen jarduera horren girotik zerbait.
Xarneguko bidean barrena
Ahurtiko portualde honetan bertan dago, hain zuzen, Landetara sartzeko parada ematen duen zubia. Guk, ordea, ez dugu horra joko, eta Aturriren ertzari segituko diogu, D261 errepide xarmagarritik, Gixune herriko barnealderat egin arte. Herri horretan Lapurdiko probintzian gaude oraindik, baina berehala sartuko gara Nafarroa Beherean, Bidaxune herrirako bidea hartutakoan. Han, hondatuta izanagatik ere, Agramondarren jauregi dotoreak argiki erakusten du familia horrek luzaroan izan zuen indarra. Orain Xarnegu eskualdean gaude, erran nahi baita gaskoia hizkuntza nagusia izan zen euskal lurralde batean. Xarneguko bidetik jarraituko dugu, eta aulki egileen herria esaten zaion Akamarrera iritsiko gara. Handik irtendakoan, eta D26 bide txikiagoa hartuta, Erango herrira helduko gara; gero, Burgue-Erreitirako norabidea hartuko dugu.
Xarnegu lurraldeari agur eginik, Ilharre eta Gamue herrietara abiatuko gara, Arboti-Zohotara heltzeko. Zohota herrixka topatuko dugu lehenik; errepidea utzita, hango etxeen artean pasatuko gara, baina eliza alderat jo gabe, zuzen jarraituko dugu bide oso estu batetik. Bizpahiru kilometro eginik, eskuineko aldetik bigarren bidegurutzean,  lurrezko bidexka bat hartuko dugu, eta amaieraraino jarraituko, gure herriko historia zaharrenarekin hitzordua baitugu bertan.
Lauhireko mugarri zahar ezezagunak
Izan ere, bidexka hori amaitzen den tokian, hiru herrialdek zehatz-mehatz egiten dute topo, Bearnok, Nafarroak (gaur egun, Nafarroa Beherea) eta Zuberoak, hain zuzen. Halaxe dakar gogora hortxe eraikitako mugarri zahar-zaharrak, 1395. urtekoa bera! Mugarriaren alboan jarritako argibide ohol batek lau hizkuntzatan (euskaraz ere bai, baina ez bearnesez) azaltzen du Karlos Noblea Nafarroako Erregeak zuela zedarri hau jarrarazi. Mugarriari Pausazak izen bitxia jarri badiote ere, Lauhire da gunearen izen historikoa. Mugarri zahar hau oso gutxi da ezagutua; are gutxiago Bearno aldean, 200 metro urrunago, dagoen beste zedarri bat, 1547. urtekoa. Horri agur eta ohore egitera joateko, V forma duen pentzean gora joan behar da, ezkerraldeko burdin hesiari jarraituz. Berehala topatuko dugu hesiaren beste aldean (Nafarroa Beherean, beraz) dagoen bigarren mugarri hau, zeinak alde batetik Bearnoko banderako bi behiak eta bestetik Nafarroako kateak erakusten dituen.
Karakoila mendira ibilalditxoa, astiro-astiro
Aurreko toki hunkigarriari "beste aldi bat arte" erranik, Nafarroa Beheretik Zuberorako bidea hartuko dugu. Betiere leku ezezagunak ardatz, ibilbide hau aholkatu nahi dizuegu: Zohotatik atzera eginik, hartu Domintxineranzko norabidea (dagoeneko Zuberoan zaudete), eta handik jarraitu honela: Etxarri, Arüe, Lohitzüne-Oihergi, Ainharbe eta, azkenik, Maule-Lextarre. Bide oso txikiak dira, baina oso xarmagarriak.
Zuberoako hiri nagusira heldurik, egokia litzateke Karakoila mendixkaren gailurrera oinez joatea. Hiriaren goialdean dago, eta telefono eta telebista errepikagailuz hornitua dago. Bertara joateko (bi orduko joan-etorria), Agerria etxetik abiatuko gara. Autoa, gaur egun hotela eta jatetxea den bastiza erraldoi honetako soro sarreran utzirik, eraikinaren eskuineko saihetsetik (laborantza aterpeen albotik) igaroko gara, eta gorantz doan lurrezko bidexka hartuko dugu. Agerriako oihanean zehar goxo-goxo ibilita, Karakoilako maldarekin topo eginen dugu. Zut eta zuzen igotzea izan daiteke aukera bat, baina, polikiago ibili nahi izanez gero, bidexkaren amaierara joan daiteke, eta bide harriztatu batekin topo egitean ezkerraldera jo eta gailurreraino igo. Han, bai Zuberoako zati handi baten bai urruneko goi mendien ikuspegi ederraz gozatzeko aukera dago.

Non jan:

Baiona
Bar du Marché
Euskaldunen karrika 39 - Tel.:  +33 5 59 59 22 66
Giro oso euskalduneko jatetxea! Euskaraz hitz egiten dute.
Ahurti
La Galupe jatetxea
Portua 15 - Tel.: +33 5 59 20 30 70
Samatze
Samatze jatetxea
Aintzira aldea -  Tel.: +33 5 59 03 00 94
Aiziritze
Denena jatetxea
Etxe goxoak karrika 29 - Tel.: +33 5 59 38 34 80
Maule-Lextarre
Euskaldunak jatetxea
Pasteur karrika 4 (udaletxe alboan)
Tel.:  +33 5 59 28 23 35
Jabe gaztea euskalduna da. Goi mailako sukaldaritza.
Aize Hegoa jatetxea
Gambetta hiribidea 30 - Tel.: +33 5 59 28 27 96
Jabe zaharrenek badakite euskaraz. Goi mailako sukaldaritza.
Agerria hotel-jatetxea
Frère Alban karrika 3 (Ainharberako bidea)
Tel.: +33 5 59 19 19 19
Sukaldaritza gastronomikoa.