800 urtez Viana

viana

2019. urteak ospakizunez bete ditu Vianako karrika zaharrak. Kasik esan daiteke 365 egun iraungo duen jai erraldoian murgildu dela herria. Izan ere, iragan otsailaren 1ean, herriaren sorreraren zortzigarren mendeurrena bete zen. 800 arrazoi Viana gertutik ezagutzeko. Arkaitz Almortza.

Denboraren joan-etorriari aurre eginda, tinko jarraitzen dute San Pedro elizako horma zaharrek. Azken 800 urte hauetan zenbait gorabehera jasan dituen arren, fidel eusten dio bere helburuari Erdi Aroko tenpluaren hondarrak: Vianako herritarrak babestea. Gainera, zantzu guztiek adierazten dute halaxe jarraituko duela, azken hatsa bota arte, behintzat. Izan ere, zortzi mendeotan erne zaindu ditu, kokaleku duen mendi muinotik, bai herriko inguruak bai Ebro ibaiak zeharkatzen dituen lurrak.
Horixe izan zen, hain justu, Viana herria sortzeko helburu nagusia: Nafarroako Erresuma zaintzea. Hala azaldu du herriko liburuzain Iñaki Sosak: “Logroñori aurre egiteko sortu zen. Garai hartan, Nafarroa eta Gaztela gerran zeuden; normalki, Logroñotik sartzen ziren soldaduak, eta lapurretak egiten zituzten inguruko herri eta etxaldeetan... Bada, testuinguru hartan, Nafarroako errege Antso VII.a Azkarrak herri handi bat sortzea erabaki zuen: gaztelua, harresiak, gotorlekuak... eraiki zituen”.
Agiri zaharrek diotenez, 1219ko otsailaren 1ean ezarri zuen Antso Azkarra erregeak Vianako harresiaren lehenengo harria, egun San Felices izenez ezaguna den atalondoan, hots, hiribilduko bost ateetako batean. Nafarroako agintariak “Arranoaren forua” eman zion hiriari: “Jendea erakartzeko modu bat izan zen: Vianara etortzen zirenei esklabotza atzean utziko zutela eta pertsona libreak izango zirela zin egiten zieten, eta hori bere garaian oso garrantzitsua zen”.
Hiribilduko historia liburuaren lehen atalek egiten diote ongietorria bisitariari. Izan ere, San Felices atariaren aurrean, Vianako sorreraz mintzo den oroitarria dago. Zortzi mende hauetan, herritarren txoko berezienetakoa izan da, eta gaur egun ere bada. Urtero, urtarrilaren 31ko gauerdian, ardoa eta olibak banatzen dira bizilagunen artean, herriaren sorrera ospatzeko, eta neguko giro hotza musikarien doinuekin epeltzen dute. “Haurren artean, txanponak banatzen dituzte. Izan ere, kondairaren arabera, erregeak txanponak banatu zituen haurren artean Viana sortu zenean, eta ohitura horri eutsi egin zaio".
Atea zeharkatutakoan, historian atzera egingo du bisitariak. Erdi Aroko arima sumatzen da karrika zaharretan, eta ordulariaren orratzak ez aurrera ez atzera geratu direla dirudi. Bizilagunek goitik behera atondu dute herria zortzigarren mendeurrena ospatzeko. “Oso urte berezia eta polita izaten ari da, herritarrek erabat egin dute bat ospakizunarekin”. Herrian murgildu ahala, San Pedro elizaren hondakinek Vianako hamaika kontakizunen berri ematen diete bisitariei. Garai bateko eliza eta gotorlekua izan zenak tinko eusten die orainari eta etorkizunari, ahanzturaren sasitzan sekula eror ez dadin.
XIII. mendeko tenplua gibelean utzita, herriaren bihotzarekin eginen dute topo bisitariek. Foruen Plazan, bizilagunen bizitzan eragina izan duten bi erakundeen eraikinak daude aurrez aurre: batetik, udaletxea, estilo barrokokoa, 1688koa; bestetik, Andre Mariaren eliza, XIII. mendekoa. Ederrak eta dotoreak biak ere.
Elizako atari nagusiaren aurrean, zoruan, harlauza zuri bat gailentzen da. Gerturatu, eta istorio baten berri ematen dio bisitariari: “Cesar Borgia, generalísimo de los ejércitos de Navarra y pontificios, muerto en campos de Viana”. Iñaki Susok pertsonaia aurkeztu digu: “Aita Santuaren semea izanik, haren jeneral nagusia izan zen. Italiatik ihes egin behar izan zuen, eta, denbora batez, Gaztelan preso egon zen. Ihes egin zuenean, Nafarroara etorri zen, orduko erregea, Albreteko Juan III.a, koinatua zuelako. Garai hartan, agaramontarren eta beaumondarren arteko gerra zibila pil-pilean zen Erresuma zaharrean. Hala, hiribildura etorri zen erregearen alde borrokan egitera, baina Vianako lurretan hil zuten”.
Borgiatar familia Europako boteretsuenetakoa izan zen garai hartan. Maitatuak bezain gorrotatuak ziren. Horren adierazle Cesar Borgiaren hilotzarekin gertatu zena: “Oso pertsonaia gorrotatua izan zen Gaztelan. Hala, hastapenetan eliza barruan lurperatua egon arren, hilotza handik atera eta kale erdian lurperatu zuten, jendeak eta ‘piztiek’ zapaltzeko. 400 urteren ostean, 1953an, elizako atarian lurperatu zuten berriro”.
Karriketan barrena aurrera egin ahala, haizearen ufadek, koplariak balira bezala, historiako zenbait pasarteren berri ematen jarraitzen dute. Antzina, Europako erresumetako oinordekoentzako zenbait titulu sortu ziren: Frantzian, Dofina; Ingalaterran, Galeseko Printzea; Gaztelan, Asturiasko Printzea... Bada, 1423an, Nafarroako Karlos III.a erregeak antzeko titulu bat eman zion bere ilobari: Carlos Vianako Printzea.
Pausoz pauso herriko txoko eta bazterrak ezagutuz, lehen bisita Zezentoki plazan amaituko dugu. Gure begiek eraikin barroko batera joko dute. Antza, XVII. mendean agintariek zezenketak ikusteko eraiki zituzten balkoiak dira.
Urteak aurrera doaz, eta Vianak parez pare begiratzen dio etorkizunari, iraganera lotzen duen zilbor-hestea apurtu gabe. Historiak eta istorioek bat egiten duten hiribilduan, eta bisitariek txango eder ahaztezina egiteko aukera paregabea dute. Aurtengo udarako, gainera, hamaika ekitaldi eta bisita gidatu antolatu ditu Udalak, herriaren zortzigarren mendeurrena ospatzeko. Joan bisitan, 800 urte ez dira eta egunero betetzen!
Informazioa: http://www.viana.es/

Donejakue bidea

Oso garrantzitsua izan da Vianako historian. Izan ere, Frantziako bidea ofizialki sortu zenean, XI. mendean, bertatik igarotzen zen; beraz,  “jendea ia mila urtez pasatu izan da hemendik” dio Iñaki Susok. Egunero ikus daitezke erromesak Vianako karriketan barrena.

Navarro Villoslada

Vianako seme Francisco Navarro Villoslada idazlea XIX. mendean bizi izan zen. Europan, nahiko ospetsua izan zen, bere eleberrietan historiako gaiak lantzen zituelako: Amaia eta Euskaldunak VIII. mendean (1879), Doña Blanca de Navarra (1847), La Princesa de Viana (1847), Doña Urraca de Castilla (1849)... dira bere lan batzuk.