Basoek ezkutatzen dutena

artikutza

Lehen begi kolpean, naturgune basati eta misteriotsua dirudi. Haatik, askoz ere sekretu gehiago gordetzen ditu Artikutzak. Bertako baso trinkoek bestelakorik iradoki arren, gizakiaren arrastoak ugariak dira bertan. Aztarnek eta natura oparoak parekorik gabeko toki bilakatzen dute. Eñaut Mitxelena.

Oiartzun udalerriak nafar lurrekin muga egiten duen lekuan, 3.700 hektareako parajea da Artikutza. Mendia, basoa eta ura (Iberiar penintsulako lekurik euritsuenetakoa da, edo euritsuena, agian) nagusi dira bertan. Ez alferrik, Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremua da, baita Nafarroako Garrantzia Komunitarioko Leku ere.
Halere, dena ez da dirudiena Artikutzan. Berez, Goizueta udalerriko lurretan dago, Nafarroan, baina jabetza Donostiako Udalarena da. 1919an erosi zuen, garai hartako 3.200.000 pezetaren truke, hiriko ur horniduraren kalitatea ziurtatzeko. Lehenago, Artikutzako erreketako ura jasotzen zuten donostiarrek, baina 1902an hirian izandako tifus agerraldi baten ondorioz, eta tifusaren jatorria Artikutzan egonik, Udalak lur haiek erosi zituen.
Hain zuzen, hari zor zaio egungo egoera: Artikutzako lurren % 90 basoz beteta daude. Nekez sinets daiteke duela 100 urte, giza jardunaren ondorioz, Artikutzako azaleraren erdia soildua zegoela. Artikutza erositakoan, baina, giza jarduera mugatu eta birlandatzeak hasi zituzten, bertoko uren kalitatea bermatzearren. Izan ere, eremua aspaldi-aspaldi hasi ziren ustiatzen; giza aztarnarik zaharrenak bertan eta inguruko mendietan topa daitezke: mairu baratzeak, trikuharriak... Lehen erreferentzia idatziak, berriz, XIII. mendekoak dira, eremua Orreagako Santa Maria Kolegiatarena zen garaikoak. Oraindik ikus daitezke Orreagako ikurra duten mugarriak han-hemenka.
Mende luzez ustiatu ditu bertako lurrak gizakiak: egurra ateratzeko, ikatza egiteko, abeltzaintzarako, meatzaritzarako... Txondorrez, pago motz edo lepatuez, meazuloz, labez eta olez jositako eremua izan da Artikutza. Are, trenbide batek ere zeharkatu zituen lur malkartsuok, Artikutzatik ateratako burdin minerala, kaolina, egurra eta ikatza Errenteriaraino garraiatzeko. 1918an itxia, 30 kilometro luze zen burdinbidea.
Egun, basozainak, mendizaleak eta perretxikoak baino ugariagoak diren perretxikozaleak ibiltzen dira garai batean artzainek, ikazkinek, meatzariek eta bestek zapalduriko basoetan. Baita Gary Oldman Hollywoodeko izarrak berak ere, hura protagonista zuen Bosque de Sombras filma bertan grabatu baitzuten. La fuga de Segovia, Bi anai, Handia... hainbat pelikula eta telesail filmatu dituzte Artikutzan.
Eremua ezagutzeko bide eta zidorrak ugariak dira. Guk ibilbide erraza egingo dugu, Eskasetik, guardaren etxetik, Artikutza auzora eraman eta ondoren leku berera ekarriko gaituen PR-NA 124 bidetik. Ibilbide zirkularra da, 13 bat kilometrokoa, eta Artikutzako ondare natural zein historikoaren parte bat ezagutzeko aukera ematen du, Artikutza auzoa barne.
Autoa Eskasen utzita, barrutia inguratzen duen hesia igaro eta auzora daraman asfaltozko errepidean behera egingo dugu, 400 bat metro. Egurrezko seinale bati jarraiki, errepidea utzi eta ezkerretara eginda, basoan murgilduko gara, seinale horiz eta zuriz markatutako bidexkan aurrera. Pagadi ikusgarrian barrena jarraituko dugu bidea, argimutil itxurako pago motzez eta pagolizarrez inguratuta. Errekasto pare bat igaro ostean, berehala Erroiarriko ur jauzira iritsiko gara.
Pixkanaka, eta haritz, gorosti zein haginek pagoen lekua hartu ahala, Enobietako urtegia inguratzen duen pistara ailegatuko gara. Horri jarraituta, Enobietako urtegiaren hormara joko dugu. Egun, ezohiko itxura du urtegiak, duela gutxi hustu  baitute inguruak leheneratzeko: urtegiak ez zuen erabilerarik, arazo geologikoak tarteko amaitu gabe utzi zutelako, eta beste urtegi batek, gertu dagoen Añarbekoak, hornitzen duelako Donostialdea.
Enobietako hormatik gertu dago Artikutza auzoa. Dozena erdi bat eraikinek osatzen dute: baserri batzuk, San Agustinen ermita, pilotalekua, meatzaritza puri-purian zen garaiko zenbait eraikin... Atseden lekua ere badu, eta Ostatu Zahar izeneko baserrian janari eta edari makina gutxi batzuk aurki daitezke, baita eguraldi txarretik babesteko tokia ere. Egun, sei bat lagun inguru bizi dira Artikutzan, baina garai batean 100 biztanle ere izan zituen. Eskola eta guzti izan zuen auzoak.
Artikutzako bihotza da auzoa, eta beste hainbat zoko-moko ezagutzera joateko bideen abiapuntu ere. Halere, guk Eskaserantz joko dugu, oraingoan trenbide zaharraren bidea hartuta. Ostatu Zahar baserriaren albotik abiatzen den errepidea hartu eta, hesi bat gainditu eta berehala, eskuinerantz abiatzen den malda pikoan gora egingo dugu, marka hori eta zuriak lagun. Ordu erdiz maldan gora egin ostean, bidegurutze batera iritsiko gara. Lehenik, ezkerretara joko dugu, Planoburuko aztarnak bisitatzeko: trenak desnibel handiko malda gaindi zezan baliatzen zuten azpiegitura hau.
Atzera burdinbidea zena hartuta, bide lauan aurrera egingo dugu, non ikuspegi zabalak eskaintzen dituzten zenbait balkoi naturalekin topo egingo dugun. Bestelako kontu misteriotsuagoak ere ikusiko ditugu, malkarrean botata dauden hiru errotarri, kasu. Azkenik, berriz pagadi itzaltsuan sartuta, eroso iritsiko gara Eskaserako errepidera, eta 400 bat metro gora egin ondoren, abiapuntura iritsiko gara. Eskasetik Oiartzunera trenbide zaharraren bideari jarraituta oinez jaistea ere plan ederra da, indarrik izanez gero, jakina.

Jakin beharrekoak

l Artikutzara autoz joateko, errepide bakarra dago: Gi-3631, Oiartzundik abiatuta, Bianditzeko mendatea (12 kilometro) gainditu eta Eskasera ailegatzen da, Artikutzako sarrerara, alegia.
l Autoek debekatuta dute Artikutzan sartzea; hala egin nahi izanez gero, baimena eskatu behar zaio Donostiako Udalari.
l Baimenik ezean, Eskasen utzi behar da autoa, eta bertatik abiatu, oinez. Bizikletak sar daitezke, baina soilik errepidean edota baimendutako bideetan erabiltzeko.
l Artikutza herrixkan, udal aterpetxea dago.
l Donostiako Udalak bisita gidatuak antolatu ohi ditu.
l Urtean behin, ateak zabaltzen ditu Artikutzak: abuztuaren 28an, San Agustin egunean, erromeria egiten da Artikutza herrixkan, eta autoek sartzeko baimena izaten dute.