Elantxoben eta Ean, mendipeko itsasoan

elantxobe

Merezi du Ogoñoko Talaiara igotzea, bertatik ikus daitekeen paisaiagatik bakarrik bada ere. Zer esanik ez, gainera, Bizkaiko kostaldeko herri txiki eta berezi pare bat ezagutu eta egun pasa polita egiteko parada badago. M. Egimendi.

Gure txangoa hasteko, Busturialdeko Ibarrangelu herria izango dugu abiapuntu, Ibinaga auzoko autobus geltokia, zehazki. Bertan geratzen da Bizkaibus zerbitzuko A3513 linea (Bilbo-Gernika-Lekeitio). Autoaz bagoaz, badira hainbat aparkaleku handik gertu. Hortaz, geltoki ondoko bide seinaleak erakusten digun errepide estutik hasiko dugu Ogoñoko Talaiarako (276 m) ibilbidea. Malda handirik gabeko bide asfaltatuan gora, berehala helduko gara, kilometro eta erdi inguru igarota, Elantxobeko Bermokiz auzoko kanposantuaren ondoko bidegurutzera (160 m). Han ez dugu galtzeko arriskurik izango, bertan baitaude ikusgai seinale guztiak.
Ogoño (PR-BI 165) dioenari jarraiki, pare bat kilometro eskas faltako zaigu helmugara iristeko. Lehenengo zatia oraindik asfaltatua dago, baina gero basoan barneratuko gara, Ogoño Mendi landetxetik eta aurreraxeago dauden beste etxe batzuen ondotik igaro ostean. Arbola artean ere agerian daude bidea erakusten diguten marra zuri eta horiak, eta horiei jarraiki helduko gara hurrengo bidegurutzera: Talaia, batetik; Atxurkulu, bestetik. Biak dira Ogoño mendiaren gailurrak.
Talaia aldera hartuta, laster hasten da ordura arteko lurrezko bide biguna gogortzen, harria agertzen denean. Kontu pixka bat gehiagorekin ibiltzeko lekua da, bustita baldin badago batez ere, nahiko aldapatsua baita (zenbait zatitan, lagungarriak izango zaizkigu eskuak, bide bazterreko adarrei eta haitzei oratu eta seguruago igotzeko). Halako batean, zuhaitzak atzean utzi eta azken zati harritsua gainditu ondoren, aurrean ageriko zaigu txundituta utziko gaituen ikusmira: Laga hondartza oin azpian, Izaro irla aurrean, Mundaka eta Bermeo harago... Atseden hartu, hamaiketakoa egin eta paisaiaz gozatzeko leku ezin hobea! Gu patxada ederrean etzan gaitezke bertan zeruari begira, baina ez zen hala egongo garai bateko talaiaria, itsasoan jarrita izango baitzituen begiak: jakina da 1631n bazela talaiaria bertan, baleen presentziaren edo bestelako arrantza mota batzuen berri ke seinaleen bidez emateko.
Egun pasa etorri bagara eta bazkaria eraman badugu, Ogoñoko bazterrak miatzen gera gaitezke. Baina aprobetxa dezakegu, halaber, pixka bat jaisteko eta igotzean alde batera utzi dugun Atxurkulurako bidea egiteko. Talaia baino gorago dago (305 m), eta zailxeagoa da, baina ez du aparteko arazorik. Beste aukera bat izan daiteke Elantxobera jaistea otordurako. Kanposantura iristean, gorakoan ikusi dugun bidegurutzean Ibarrangelurantz jo beharrean, Elantxobera garamatzan bidea hartuko dugu, porturaino sigi-saga jaisteko.
Laster egingo dugu topo herriko bitxikerietako batekin: autobusak herritik irteteko erabiltzen duen plataforma birakaria. Izan ere, oso orografia berezia du Elantxobek. Adibidez, kanposantuaren eta portuaren artean 160 metroko desnibela dago. Halaxe daude Kale Nagusiko etxeak ere, denak itsasoari begira, mendian eskegita bezala. Behe-behean, portua dago: 1783an, hainbat moila eraiki ziren herria itsasotik babesteko, eta haien artean dago itsasoko ura duen igerilekua ere.
Herria bisitatu eta bazkari legea egin ostean, autobusa har dezakegu plataforma birakarian txangoaren azken etapara iristeko: Ea. Bizkaibus zerbitzuko A3513 linea hartuta (bi ordutik behin), ordu laurdenean egingo ditugu Elantxobe eta Ea arteko sei kilometroak.
Elantxobe aldapatik zintzilik bezala badago, Ea, luze eta estu heltzen da itsasora. Herria bitan banatzen duen errekak eta alde biak lotzen dituzten lau zubiek marrazten dute bere egitura. Erreka ia herri barruan dagoen hondartza txiki batean itsasoratzen da, eta bertan daude kaia eta moila ere. Paseo polita izan daiteke Urtubiagako errota eta burdinola bisitatzea ere, herrigunetik abiatzen den bidexkan zehar jarraituta: antzinako bidearekin eta burdinolaren ubidearekin bat eginda, natur eta kultur balio handiko ibilbidea egin dezakegu.
Bukatu zaigu eguna. Autoa Ibarrangelun utzi badugu, berriro hartu beharko dugu autobusa haren bila joateko. Autoz joan bagara, ostera, bertatik etxera. Batean zein bestean, irudi ederrak gogoan eta kresal usaina soinean.


Letanien bidea

Herriguneak bisita merezi du, baina Ean bada beste mendi ibilbide bitxi bat egiteko aukera: Letanien bidea (PR-BI 168). Antzinako eliza eta ermiten inguruan egiten ziren eskariak eta prozesioak ditu oinarri Andra Mari elizaren ondoan hasten den bideak. Bedarona auzoraino igotzen da ondo markatuta dagoen aldapa batetik. Han goitik ikusten den panorama zoragarriaz gozatu ostean, jaitsieran Talako Ama ermitarekin egingo dugu topo, non garai batean arrantzaleen erreguak biltzen ziren. Ibilbidea portuan amaitzen da, Beletxe eraikinean, antzinako bela biltegian, alegia. Guztira, 225 metroko garaiera du, eta ez da bost kilometrora heltzen.