Emakumeen izena eta izana, harriz eta egiaz

gasteiz

Emakumeek historian urratsa egin dutela zalantzarik ez dago, baina ez dira beti ikusaraziak izan. Dela garaian garaiko ohiturengatik, dela mendeetan pairatu duten bigarren mailako garrantziagatik, edota interes kontuagatik, besterik ez. Orain, Gasteizko turismo bulegoak Erdi Arotik aurrera hirian izan diren emakumeen izanak eta izenak ekarri nahi ditu gogora, Emakume handien ibilbidea izeneko bisita gidatuak eskainiz. Josune Velez de Mendizabal.

"Bisita hauen bidez, emakumeen garrantzia eta balioa nabarmendu nahi ditugu, arlo guztietan: historian, eguneroko bizimoduan, politikan, hezkuntzan, gerran, artean... ". Horrela aurkeztu digu Guias Artea-ren arduradun Elisabeth Otxoa de Eribek turismo bulegoak eskaintzen duen ibilbidea.
"Baziren zenbait zurrumurru mesfidati, baina ikertzen hasi ginen, eta gauzak ez dira kontatzen ziren modukoak". Adibide argia jarri du Otxoa de Eribek, Loreto Arriolarena. 1813. urtean, Alava jeneralarekin ezkondu zen, lehengusu zuenarekin. "Mihi gaiztoek zioten Loreto hain zela itsusia, ez ikusteagatik joan zitzaiola senarra gerrara. Gezurra erabat. Gainera, horri egozten zaio bikoteak sema-alabarik eduki ez izana. Baina sekula ez da aipatzen Alava jeneralak gerrako zauri bat izan zuela hankartean, nonbait..." nabarmendu du gidak.
Legebiltzarra da bisita gidatuaren abiapuntua. 1980. urtera arte, Ramiro Maeztu institutua izan zen. Bertan, hezkuntzarekin zerikusia izan duten emakumeen nondik norakoak ematen dira ezagutzera, hala nola Micaela Portilla, Ernestina Champourcin eta Maria Maezturenak. 1933an hasi zituen Micaela Portillak bigarren hezkuntzako ikasketak institutuan. Garai hartan, mutilek eta neskek bananduta ikasten zuten, atsedenaldietan ere ez ziren elkartzen. "Micaelaren garaian nesken taldea osatzeko beste emakume ez zegoenez, mutilen taldera joan behar izan zuen. Betiere inude batek lagunduta, sekula ez bakarrik" dio gidak.
XIX. mendearen erditik aurrera, hezkuntzan murgiltzeko ateak ireki zitzaizkien andreei. Akuarelaz margotu, pianoa jo edota jostetik harago, bazuten zer ikasi, betiere apurka-apurka eta gizonek gainbegiratuta. "Etengabe aholkatzen zen irakurtzeko orduan emakumeak gizon batek gainbegiratuta egotea, andreek ulertzeko nahikoa gaitasunik ez zutelakoan”.
Behin ikasketak amaituta, lan egiteko aukera ere bazuten, baina Otxoa de Eriberen hitzetan, "ikasketak bideratuta zeuden emakumeentzat egokiak ziren lanbideetara, hau da, erizain, eskolako maistra edo idazkari izatera".
Maria Maeztu hezkuntzan aritu zen, eta arlo horretan ere berritzailea izan zen gasteiztarra. "Ikastera kalera ateratzea ikaslearentzat ona zela esaten zuen, baita ‘la letra con sangre entra’ (‘bortxaz ikasi’) esaldia irakasleei zegokiela ere; alegia, irakasleek egin behar zutela profesional onak izateko ahalegina" dio gidariak. "Madrilen, akademia bat ireki zuen Maria Maeztuk, eta garaiko hainbat poeta eta idazle gonbidatu zituen hitzaldiak ematera. Perez Galdosen esaldi hura, “ez diet eskolarik emango ez ergelei ez zoroei”, Mariak egin zion gonbidapenaren ostean esan omen zuen”.
Bisitak hiriko zenbait eraikin barrutik ezagutzeko aukera eskaintzen du. Maria Sortzez Garbiaren katedrala, adibidez, non karmeldarren komentua egon zen. "Gogoratu behar dugu emakumeek historian ez dutela sekula independenteak izateko aukerarik izan. Batetik, jaio eta aitaren mende egoten zirelako, ezkondu arte. Bestetik, ondoren, senarraren esanetara mugatzen zelako haien bizitza”. Otxoa de Eribek azaldu du Erdi Aroko emakumeak lau gauza besterik ezin zirela izan: emazte, neskame, moja edo prostituta. "Ezkonduta egoteak ez zizun babes osoa ematen, baina bai ondra. Are okerragoa zen neskame izatea: berdin-berdin egoten ziren etxeko gizonaren mende, baina, gainera, sema-alaba ez-legitimoak izaten zituzten, eta erabat galtzen zuten ohorea”.
Esan bezala, ezkonduta egoteak ez zuen emakumea senarraren abusuez salbuesten. Otxoa de Eribek Maria La Degollada delakoaren kasua kontatu digu, Kordoi Etxera ailegatzean. "Ezkondu eta urtebetera hil zuen senarrak. Garaiko ezkontza gehienak komenientziazkoak izaten ziren, eta Mariaren familia aberatsa zen. Hilketa aurrez pentsatu eta azpikeriaz egin zuen gizonak. Izan ere, Maria hil baino lehen, ondasun altxamendua egin zuen".
Ildo beretik, Oihanederreko Markesari ez dio batere mesederik egin berari buruz historiak idatzitakoak. "Behin eta berriz esaten da Jose Bonaparteren maitalea izan zela, ezkonduta egon arren. Denborak aurrera egin ahala, Bonaparte harekin nekatu, eta ahaztu egin zuen. Ordutik aurrera, La malquerida goitizenez ezagutu zuten. Baina zein puntutaraino izan zuen emakume horrek erregeari ezetza emateko askatasuna?" hausnartu du gidak. Egun, San Miguel elizako kantoian markesaren familiaren armarria dago.
Besteak beste, Farolen museoa ikus dezake bisitariak Emakume handien ibilbidean. Felicia Olavek bertan eginiko mezenas lanari esker, egun Gasteizko museorik esanguratsuenetakoa da.
Bi orduko ibilbidearen ostean, bisitariak argi eta garbi du Gasteizko hormetan, kaleetan eta hiriko giroan emakume handien izenak eta izanak egon zirela, liburuetan agertu ez arren, eta egun ere badirela.


Jakin beharrekoak

Bisitaren iraupena: 2 ordu.
Aldez aurretik ordua eskatzeko: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. +34 945 148 794
Hizkuntzak: euskara, ingelesa eta gaztelania (bestelakoak kontsultatu).
Bisitatzen diren eraikinak: Maria Sortzez Garbiaren katedrala, San Pedro eliza, Oihaneder jauregia, Farolen museoa.
Protagonistak: Felicia Olave, Maria Maeztu, Maria Sarmiento, Micaela Portilla, Victoria Anda Esquivel, Maria Pilar Acedo Sarriá, Isabel Urquiola, María Perez Villanañe, Loreto Arriola.