Lekeitioko Kaleka, ikusteko zein parte hartzeko

lekeitio

Uztailaren 18tik 21era egingo da 30. Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia. Aurten, Euskal Herriko eta nazioarteko konpainien 25 lan eta ekintza baino gehiago izango dira. Izan ere, hainbat diziplinatako antzezlanak ikusteko aukeraz gain, beste zenbait jardueratan parte hartzeko modua eskainiko dute. Kaleka Ofiziala izeneko sailean, antzezlanak izango dira nagusi. Besteak beste, Aurten Lokke, Zanguango, Truca Rec eta Lekittoko Deabruak euskal taldeen lanak izango dira ikusgai. Kaleka Scratch sailean, berriz, sortze edo garapen prozesuan diren 5 konpainiaren lanei egingo zaie leku, sortzaileen eta ikusleen arteko trukea garatzeko guneak eskainita. Jaialdiaren presentzia urte osora zabaltzea helburu duen Kalekaz Blai sailak, ostera, herritarren parte hartzea bultzatuko du, hainbat ekintzaren bitartez. Horrez gain, bestelako esparruetan ere antolatuko dituzte ekintzak, hala nola Arropaineko Arragua izenekoan. Egitarau zehatza www.kaleka.eus atarian kontsulta daiteke.


kalerkiANTZERKIA, dantza, musika... orotara, hamabost emanaldi eskainiko dituzte, Zarautzen, uztailaren 4tik 7ra bitartean, XXVI. Kalerki Kale Antzerki Jaialdian: Hortzmuga Teatroren Jule; Dantzaz konpainiaren Basoa; Jean Philippe Kikolasen Calor; Javier Arandaren Vida; Ereintza Dantza Taldearen Gu Agustina!; The Black Blues Brothers taldearen izen bereko ikuskaria; De Vacas taldearen Tour Vacanal 2019; Los Moñekosen We-ding!; Malas Companías zirku taldearen Prozak; Cie dé-Chaînée taldearen Tout ira bien; El Mono Habitadoren Benditas; Iron Skulls Co. Konpainiaren No sin mis huesos; eta Tic Tak Produccionesek zezen puzgarriekin egin ohi duen entzierroa. Musikari dagokionez, Manez eta Kobreak taldeak bere doinuak ezagutaraziko ditu kalez kale.

 

 

LABURREAN

losersUMERIK EZ, bikoterik ez, etxea erosteko aukerarik ez... berrogei urteren bueltan diren Manuelek eta Sandrak ez dituzte sasoi horretan gizarteak eskatu ohi dituen baldintzak betetzen, eta galtzailetzat dute beren burua. Halere, pozik bizi nahi dute... Hori da Losers (Galtzaileak) antzezlanaren abiapuntua, Txalo konpainiak estreinatuko duenarena. Marta Buchacaren testua Martin Agirrek itzuli du, eta Begoña Bilbaok zuzendu. Manuel eta Sandraren larruan, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia ariko dira. Antzezlana abuztuaren 14an estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta hilaren 18ra arte egongo da ikusgai.

AURREKO albistean aipatu Losers antzezlanean ez ezik, beste estreinaldi batean ere ikusi ahal izango dugu Aitziber Garmendia aktorea: Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio). Harremanen munduan barneratuko da aktorea, “maitasun kontuen patetismoa barrearen bidez gainditzeko eskuliburu peto-petoa” den lanean. Abuztuaren 28an aurkeztuko du, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, eta han eskainiko du hilaren 29an eta 30ean, eta irailaren 1ean, 3an, 4an, 5ean, 6an eta 7an.